Hautu zaila

Bizitzan hartu behar izaten dugun  erabaki garrantzitsua omen da: zer ikasi (eta zer ez), alegia, zein bide edota adarretatik jo. Gainera, gaztetan hartu baina geroa maila batean mugatu egiten duten erabakiak izaten dira. Baldintzatzaile ugari izaten dugu eta auskalo zeintzuk diren erabakitzen duguna erabakitzeko azpian dauden arrazoiak.

Azken boladan azoka antzekoak eratzen dira horrelako hautu zailetan dabiltzanei laguntzeko asmoz edo.  Zalantzak zituen baten txiora iritsi nintzen Jordi Jubanyri esker, Ada Colau alkatesak militarrekin izandako ika-mikaren aurretik: ez ei zekien neskak maistra izateko estudiatu edo ejerzitoaren bideari ekin. Auskalo, arrazoiak arrazoi, agintzea izango ote duen neska honek kaskarrean.

Neure aldetik, ez dakit bide desberdinegiak ez ote diren, balore desberdinetan oinarrituak, nahiz eta ematen duen poliziak irakasteko ahalegina egiten saiatzen direla, Twitter bidez edo hitzaldien bidez, besteak beste. Edonola ere, ejerzitoak parte hartu du aipatutako azoka horretan.

Ejerzitoa tartean dugula, soldadutza egin zutenetakoa naiz; zer egingo diogu, ba. Eta onartu behar garai eta testuinguru haietan “hitz egitea baino hobe, entzutea” zein “zer ikusi, huraxe ikasi” praktikan jartzea komeni izaten zela, klase teorikoak ere izan arren. Izan ere, bitxia zen ikasketa urriko pertsonak tiroaren fisika ingeniariei azaltzen ikustea, edota legeak abokatuei… eta horrelakoetan arazoak ekiditeko galderarik edo oharrik ez egiten ere ikasi genuen, arestian aipatutako ereduei jarraikiz.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *