Elebidun izateaz

Ez dakit inor konturatu den blog honen isiltasun-garaiaz; izan ere, bestelako zereginetan buru-belarri murgilduta ibiltzeak behartu nau lan-bolumena mugatzera. Dena den, ikasturte berriaren hasiera –urte berria bera baino berritzaileagoa, adiskide baten esanetan– ez da itzultzeko garai txarra, ez horixe.

Eta ikasturte berriaz ari garela, atzo ospatu zen 2015/2016 ikasturtearen hasiera euskaltegietan Bilbon egindako ekitaldian. Lehendakaria buru zela, Manuel Carreiras izan genuen hizlari; “Bi hizkuntza garun  batean — Mekanismo kognitiboak eta garun-plastikotasuna elebidunetan” izan zen BCBLko zuzendari den zientzialari galiziarrak emandako hitzaldiaren izenburua.

Kontu bitxiak eta interesgarriak, nire ustez, atzo entzundakoen artean. Bitxia eta harrigarria nola egiten dituzten ikerketak ikustea, burmuinaren aktibitatea zehazteko, esaterako.  Deigarria, horrelako ikerketak gure inguruan egitea –nik neuk ere hartu dut parte ikerketaren batean–. Edo bitxia hitzaldia gaztelaniaz izan arren, diapositibak ingelesez egotea.

Carreirasek azaldutako ondorioak ere pentsatzeko modukoak; honatx nagusiak:

  • Elebidun izatea ez da hobea edo txarragoa; desberdina da.
  • Burmuina aldatu egiten du elebidun izateak.
  • Elebidun izateak, gure burmuinaren lan-zirkuitoak aldatu egiten ditu.
  • Agian (agian, hori ikertzen ari baitira) alderdi kognitiboaren galera edo jaitsiera atzeratzen lagun dezake elebidun izateak.
  • Edonola ere, gure harreman sozialak hedatzeko lagungarri da elebidun izatea.

Bestelako aipu batzuk: burmuinak beste modu batean funtzionatuko duen arren, nagusiek ere ikas dezakete beste hizkuntza bat; bera ere ari da euskararekin, –ergatiboak buru hausteren bat edo beste sortarazten duela onartu zuen–. Azkena: aztergai dago ea elebidun izatea hirugarren hizkuntza bat ikasteko lagungarria den; badirudi hala beharko lukeela izan, baina ikerketak egin arte, tentuz.

Euskararen ezagutzaz eta erabileraz

Aste honetan irakurri eta entzundako zenbait berrik helduen euskara-irakasle nintzeneko kontu batzuk gogorarazi dizkit.

egizu Flickr-en, CC lizentziapean

Behin, ikasle batek zertarako ikasi nahi zuen euskara adierazi zidan; beretzat, nahikoa zen errenta-aitorpena euskaraz egiteko maila lortzea. Pentsatu nuen ba, euskaltegian ikasiko zuenarekin beharbada ez zuela nahikoa izango. Aitortu nionez, neronek ere arazoak nituen horrelako agiriak behar bezala ulertzeko. Are, jakin badakigu dirua bezalako kontu “serioetarako” gaztelera erabili ohi duen euskaldun bat baino gehiago dagoela. Aste honetako berri baten arabera, aurki Osakidetzak odol-analisietako emaitzak euskaraz ere emango dizkigu. Izartxoak alde batera utzita, ea zenbat ulertzeko gai garen.

El Mundo egunkariak, berriz, Ertzaintzan euskararen erabilera eta ezagutza izan ditu [Enlace roto.]. Ertzainen ezagutza-maila eskasa dela azpimarratu dute, eta erabilera areagotzeko Sailaren asmoak kritikatu. Ezin dut ziurtatu orain maila hori zein den, baina gogoan dut beste ikasle baten kasua: blokeatuta klasean sarri, lasai gero. Izan ere, praktiketan zegoen ertzaina izanda, gutxieneko euskara-maila bat ziurtatu behar zuen aipatu epealdia bukatu aurretik, akademia-garaian ez baitzen horretarako gai izan.

Motibazioaz izan da hirugarrena. Zuzendari nagusi berria du Euskadiko Orkestra Sinfonikoak. Galizia aldetik datorren katalana dugu berori. Bere lehenengo agerraldian, euskaraz irakurri egin zuen baina aurrerantzean paperik gabe euskaraz mintzatzeko borondatea aditu nion irratiko kortean. Are, beste hizkuntza bat ikastea aukera aparta gisa omen da bere ustetan. Motibazioa badu, antza; ez dakit, hala ere, zein mailataraino izango den integratiboa edota instrumentala, baina motibaturik egonik ikasi egingo du (motibazioaren kontuaz informazio zabala Auñamendi Eusko Entziklopedian)