Hilezkortasuna eta irakasleak

Zirriborroen artean neukan sarrera bat berreskuratuko dut gaurkoan.

Badarama denbora-tartetxo bat jubilaturik Miguel Angel Santos Guerrak. Oso idazle emankorra dugu; liburu mordoa ezezik, astero zutabeak ere argitaratzen ditu El Adarve izeneko blogean. Sarreretako batean, Rubem Alves-en testu hau irakurri nion:

“Hilezkortasun-ariketa bat da irakastea. Nolabait, bizirik irauten dugu gure hitzaren magiaren bitartez mundua ikusten ikasi zuten begien jabeengan. Horregatik, irakaslea ez da inoiz hilko.”

Inoiz irakaskuntzan aritu garenok, akaso, horrelako zerbait galdetu diogu uneren batean geure buruari. Ea horrelako zerbait lortzeko gai izan garen. Lagun bati egunotan Facebook-en antzeko bidetik idatzi dio ikasle ohi batek. Edonola ere, zalantzarik ez dut denok izango dugula gogoan irakasleren bat, dena delakoagatik ahaztu ez duguna, berak irakatsitakoa bizitza osoan lagun izan duguna –edota duguna–.

Batxilergoa Derion elkarrekin egin genuenok, adibidez, Mikel Zarate aipatu izan dugu behin baino gehiagotan. Garai hartako bere jokabideak era profesionalagoan aztertzen saiatu izan naiz gerora, oroitzapenetan oinarritutako azterketa izan arren; ez dakit modu kontzientean edo ez, baina egun aipatzen diren konpetentziak eta bizitzarako ikastea zuela ipar esango nuke.

Eta zuk, adiskide horrek? Baduzu oraindik gogoan aspaldiko irakasleren bat?

Cementerio-Hilerria by Iñaki Murua, Flickr-en

Agur esaten ere ikasi behar

… eta ez dakit inon irakasten den. Edota erakutsi ere egiten den. Gure inguruan, heriotzak -eta maila apalagoan, agurrak- ezkutatu egiten direla ematen dit. Baina hor daude. Bizitzarekin batera, ezinbestean.

Neure kasuan azken egunotan hausnartzeko beta izan dut. Halaber, heriotza hurbil sumatzean, bizitzak -gure artean behinik behin- baduela azkenik nabaritzeak heldu egin ditu gure seme-alabak; berez, gorputzez hazi direnak, beste errealitate batzuk ikusi eta ulertzeko bidea egin dutelakoan nago. Ume izatetik heldu izatera egiten den bidean dagoen igarobidea, nolabait esateko.

Gaizki ulertu zuela adiskide batek uste nuen, egun luze-luzeak bizi nituela adierazi nuenean -hustu beharra nuen, zinez, era laburrean izan arren- eta berak disfrutatzeko erantzun zidanean. Ez, ordea; sumatu zuen  zertaz ari nintzen, eta egoerarik latzenean ere badagoela alderdi onik ulertarazi zidan. Gutxi gora behera, Xabier Amurizak idatzi eta Imanol Larzabalek kantatu bezala, mundua ez delako beti jai, inoiz tristea ere bai, baina badirelako mila motibo alai kantatzeko.

“El Almacén de Fotografías Libres” webgunetik hartutako argazkia

Eta, honelako ikasketak, ez dut uste planifikaturiko curriculatan agertzen edo agertuko direnik. Beharbada, horretarako denborarik ere ez. Nahiz eta ikasi behar diren, heldu izateko bidesaria direlako seguruenik.