Norekin edo zerekin erkatu?

Beste errealitate batekin erkatzea ohikoa delakoan nago; hurbilagokoa edo urrutiagokoa. Gakoa, nire ustez, erkatzeko erabiltzen den irizpidean datza (edota langa non jartzen den zehaztea). Are, ez omen da hain ohikoa irizpide hori azaleratzea.

Sarritan sumatu dudan gertaera bat: alderaketa egiten duenaren aldeko alderdiei erreparatzen zaie nagusiki; ez, ordea, txarrerako edo okerragorako izan daitekeenari. Badut horren inguruko esperientzia bitxirik, “aste zuria” zela eta, esaterako.

Green beans vs. medium roast.

Hala, eta pandemia garaiotan, herrialdeetan muga desberdinak jartzen diren heinean, litekeena da alderaketa egitera jotzea, dela ordutegia, dela ostalaritzaren irekiera edo itxiera, dela harremanen kontua. Eta Belgikan mimatzeko (edo ferekatzeko?) bizikide ez den lagun bat (edo bi, pertsona bakarrik bizitzekotan) etxean hartzea onartu du bertako gobernuak.

Eta nola deitu halako “lagunari”? Iraide Ibarretxek Twitter bidez galdetu zidan. Goxolagun proposatu dute Kale Nagusia programako entzuleek, bide beraren arabera. Iraidek, berriz, gogo hitzarekin jokatzea egokiagotzat jo du: laztangogodun, laztangogokide, laztangogaide.

Gurean ligatzea (eta hortik aurrerakoa) ez ei da oso fenomeno arrunta (Madrilen bizi den lagun batek esan zidan behin hiri-legenda hutsa zela; bere hitzetan, arrakastatsuak izaten ziren Euskal Herrira egiten zituen bisitaldiak). Agian, KaixoMaitia-n edo izango dute berri zehatzagorik. Gainera, egoera berriak distantzia fisikoa zaintzeko joera areagotu egin du, antza. Baina, auskalo, Europarekin erkatzeko asmoz edo horren aldeko eskaerarik ere ez ote den hemen egingo.

Beti konparatzen, eta ez eskamak kentzen

Urtea amaitzear dagoenean, balantzeen ordua dela ematen du. Eta, bizitzako beste hainbat esparrutan bezala, konparazioari ekiten diogu honelakoetan; esate baterako, 2014a baino hobea izan da 2015a. Edo ez? Hau da, abestiak dioen “beti eskamak kentzen”, “beti konparatzen” bihurtzen dugu.

Kontuetako bat da konparatzeko erabiltzen dugun informazioa edo oinarria. Sarritan, datuak baino gehiago, susmoak direla esango nuke. Eta beste bat, hauxe ere garrantzitsua: zerekin edo norekin konparatzen dugun.

Gogoan dut, batxilergoa hasi nuenean, garai hartako BUP famatua, berrikuntza bati ekin ziotela ikastetxean, garai hartako konputagailuak lagun. Hala, ebaluazioen ondoren jasotzen genituen notetan eta oharretan, ikasgai bakoitzean lortutako emaitza edo balorazioaz gain, ohiko bikain, oso ongi eta antzerakoez gain alegia, taldekideen artean genuen postu erlatiboaren berri ematen zitzaigun… edo zitzaien gurasoei. Bestela esanda: bikain atera zenezakeen, baina gainontzekoekin alderatuta, balio erlatibo eskasa zuela ere azpimarratzen zen. Alderantziz ere gerta zitekeen “ez gai” lortzekotan.

JJ Vico Bretones Flickr-en. CC lizentziapean

Duela gutxi aditu nion ezagun bati horixe nahi izaten dutela (dugula) gurasoek (gurasook). Alegia, ez gure haurra / umea / nerabea / gaztea (aukera beza bakoitzak behar duena) behar bezala ari den aurreratzen, ikasten ari den… gainontzekoekiko konparaketa baizik. Agian, horri erantzun nahi izan zioten ikastetxean.

Beste batzuetan, berriz, ondokoak dira konparatzeko langa hori: anai-arrebak, senitartekoak, auzokoak… Eta aukeratutako langa ez da hutsala, jakina; ikastetxeko kideena ez den bezalaxe. Edota gizartean arrakastatsuen direnena.