Ezustean Madrilen, Gabriel Aresti

Madrilen metroz ibili naizenetan, bagoien hormetan literatur testuekin egin izan dut topo: ipuin laburrak, testu luzeagoen zatiak, olerkiak… Hala ere, ezustekoa izan zen Gabriel Arestiren olerki bat ikustea bertan. Libros a la calle ekimenaren baitakoa izan da hori; hogeigarren urteurrena ospatzeko, gailegoz, katalanez eta euskaraz dauden testuak jarri dituzte beste batzuen artean (Blas de Otero bizkaitarrenaren bat, adibidez).

Ez dakit nork hautatu dituen, baina ezustekoa ere izan zen aukeratutakoa irakurtzea: “Nire aitaren etxea defendituko dut“. Olerkia horrela ikusteak, horma batean eta edonoren begiradatik hurbil, Arestiren beraren beste hitz batzuk gogorarazi zizkidan, Rogelio Botanzi entzunak:

“nire poesia oso merkea da, herriaren ahotik hartu nuen debalde, eta debalde ematen diot herriaren belarriari”

Herrien, hizkuntzen, hiztunen elkarbizitzarako urrats txiki bezain garrantzitsuak izan daitezkeelakoan nago: bestearen ezagutu, balioetsi, gozatu… Testua webgunetik ere jaitsi liteke. Dena den, eta mezu batez aldatzeko eskatu nien arren, “Gabriela Resti” agertzen da egile gisa aipatu webgunean.

Hezibide ona, non?

Duela gutxi New Yorketik ibili naiz. Eta, desbideratze profesionalaren eraginez agian, bertako “paisaia linguistikoari” erreparatu diot besteak beste.

Metroan deigarria iruditu zait hezibide onari eta elkarbizitzari buruzko irudi eta mezuen kopurua. Horrelakoak garraiobide publikoetan agertzeak aditzera ematen du, antza denez, garai batean ez bezala, bestelako bideei ekin behar zaiela honelako heziketa indartu eta hedatzeko.

Baina, hara non, Bilbora itzulita, antzeko kanpaina bat hasiko da hemengo autobusetan. Kartelak geltoki eta autobusetan jartzeaz gain, aktoreak ibiliko dira zenbait astez autobusetan ([Enlace roto.]). Madrilen ere ikusi ditut azken boladan  gizarte-hezkuntzaren bidetiko portaerak sustatzeko kartelak eta mezuak kaleetan.

Eta, bitartean, neure buruari galdetzen diot, ea horren gaizki gabiltzan hezibide onean, eta zentzuan bide batez, berori sustatzeko kanpaina egin behar direnetan, Bilbon, Madrilen eta New Yorken behintzat. Bestela esanda, zer irakatsi eta ikasten da eskoletan orduan, zer familiaren esparruan, zer gizartean oro har, hiritarrak izateko bidean, horrelako ekimenen beharra dagoenean? hau lehen nola egiten zen?