Poloniako errege hura eta bere “hizkuntza-eskakizuna”

Polonian egindako bidaian entzundako istorio bat dakarkizut gaurkoan, irakurle. Hain zuzen, Cracovian egindako bisitaldian izan genuen Haizea gida galdakaoztarrak kontatu zigun. Saiatu naiz beste bideren batetik aurkitzen baina ez dut lortu; beraz, erositako prezioan salduko dizut.

Bazen behin errege bat herrialde hartan, Ladislao (“el breve”). Eta poloniera indartzeko asmoz, azterketa bat jartzea erabaki ei zuen: herritarrek polonieraz lau hitz ezagutu beharko zituzten; bestela, lepoa moztuko zitzaien.

Ez dakit hizkuntza ikasteko motibazio nahikoa izan ote zen. Gaurko bideak eta ondorioak, zorionez, bestelakoak dira. Dena den, denboran bidaiatuz gero, egungo itzultzaile automatikoek laguntza itzela emango luketela iruditzen zait. Kontuan izan, badaezpada ere.

Euskara-ikasle… arrakastatsuak

Euskararen Nazioarteko Eguna atzo. Egutegia lepo dago egun europearrez eta nazioartekoez (besteak beste, atzo bertan ezgaitasunen nazioartekoa ere ba omen zen) eta berorien balio zein zergatiez luzeago mintza gaitezke. Hala ere, errepara diezaiogun hasierakoari.

Nestor Basterretxeak egindako logoa. Euskonews.com gunetik hartua

Eguna bera egunkarietan ere soma genezakeen; DEIAk, esaterako, lehen orrialde bikoitza izan zuen atzokoan horietako bat euskara hutsean izanik. Euskararen presentzia zertxobait handiago, oro har. Eta, honetan ere hedabideak bat, euskaldun berriei eginiko elkarrizketak. Adibidez, txoko honetatik agertutako Reyes Prados toki batean baino gehiagotan azaldu zen.

DEIAn bi pertsonari egin zitzaien elkarrizketa. [Enlace roto.]luzeagoa [Enlace roto.] baino; tituluak ere desberdin. Grezian bizi eta gaztelera-irakasle den Leonor Quintana bilbotarrak euren hausnarketa edozein hizkuntza-ikaslerentzat interesgarria dela zioen. Neuk, behintzat, atalen bat azpimarratu nahi dut.

Bien motibazioa argi ageri da; desberdina, seguruenik, baina motibazio sendoa. Testuinguruaren garrantzia suma daiteke, baina ez da ezinbestekoa (Euskaldun berriaren baladako protagonista ere Barakaldokoa genuen) eta familiaren sostengua azpimarratzen dute biek, baita ohituren pisua ere. Euskalkien auzia eta zer eredu irakasten den ere ageri da neurri batean.

Ikasle eta irakasle naizen aldetik –hala adierazten dut sarri– batek esandakoarekin bukatu nahi dut. Gazteagoekin ezagutzak partekatzea umiliagarria ei da (edo izan ei da) berarentzat berriaren arabera; desberdinekin eta desberdinengandik ikastea aberasgarri ulertzen dut neuk.

Euskara tresna

Orain dela hiru bat aste euskara ikasteko motibazioez aritu nintzaizun; integratiboaz eta instrumentalaz, besteak beste. Eta, Bilboko Aste Nagusian jartzen diren txosnetako batean ikusitako kartel (handi) batek gai berera narama gaurkoan.

IMG_20140823_212220_optKomunikazio-tresna bada hizkuntza. Ikuspegi horretatik, beraz, tresnatzat har liteke. Neure kasuan, ohiko lan-tresna ere bai. Baina gogor bezain deigarri egin zait horrela idatzita ikustea. Izan ere, sentimenduekin lotuago ikusi izan ditut horrelako aldarrikapenak.

Agian, denbora berrien seinale. Zertarako bat beharko dugu, akaso, motibazioa indartzeko. Edota zirikatzeko propio eginda –ala balitz, nirekin helburua betea–. Bihotzarena, garai erromantikoagoetarako hobe?

Batera zein bestera, behin baino gehiagotan esan eta idatzi dudana: ez dut museo batean bukatu nahi.