Kritiko izatea…

baina mihiluzea izan gabe.

Joan den asteburuan irakurri nuen El Paisen Nik Peachey aditu britainiarriari eginiko elkarrizketa; “ikasleei Facebooken dagoen guztia ez sinisten irakatsi behar diegu” jarri zioten izenburu. Interesgarria iruditu zitzaidan, nahiz eta berak adierazitako kontuak niretzat berriegiak izan ez, “tramankulu” eramangarrien hezkuntz erabilerarena esaterako.

Are, izenburuan agertu zenari kritikotasun hori zabaldu behar dutela gehituko nioke (eta diot). Hala, Facebooken ezezik, Interneten agertzen den guztia ez dela sinistu behar. Ezta irudietan ikusten dena, argazkia izan, bideoa izan… Gure amamak beti esaten zuen telebista ikusten zuenean: “pintar como querer” (deigarria, esaera hau gazteleraz botatzen zuela, euskaldun peto-petoa eta sutsua izan arren) Ariketa erraz bezain argigarria azaldu nuen Botxotik-en.

nattydreaddd Flickr-en (CC lizentziapean)

Eta irudiak ezezik, testu idatzien aurrean ere kritiko izatea erakutsi eta irakastearen erronka hor dago. Kritikotasunez irakurri eta ulertzeaz zer ulertzen duen azaltzen du Daniel Cassanyk… bai, Sustraietatik zerura liburuan, besteak beste. Eta ustez neutroak eta objektiboak diren testuliburuen adibideez janzten du ekarpena.

Beste kontu bat da ikasle horrengan kritikotasuna pizten badugu, azpiko curriculumarekin edo curriculum ezkutuarekin zein neurritaraino egingo duen talka. Edonola ere, “pozik baina arduragabe eta sinesbera” baino hobe kritiko, ezta?

Praktika letratu nagusiak eta bernakularrak

Hau da burura etorri zitzaidan lehenengo gogoeta herenegun Deian ateratako albistea irakurri nuenean: [Enlace roto.]Catalunyan aita batek alabaren testuliburuaz egindako protestaren berri izan nuenean, joan den astean eman nizun berri Botxotik-en kontatu nizuna, kontu bera izan nuen buruan.

Sarreraren izenburua ikusita pentsamendu bitxiak ditudala uste izango duzu agian. Baina, kontuan izan, Daniel Cassanyk erabili ohi dituela hitz horiek (MSN edo idazkera ideofonematikoa bezala) eta Sustraietatik zerura argitaratu aurretik behin baino gehiagotan irakurri –eta landu, itzultzeko besteak beste– behar izan genituela horrelako kontzeptu eta hitzak.

Zigor Alkortaren argazkia Deian

Danielek dioenez, praktika letratu bernakularrak, “idaztean, guk geuk, geure kabuz, gizarte-erakundeek (eskolak, administrazioak, justiziak eta abarrek) ezarritako konbentzioetatik kanpo, zer egiten dugun adierazten du” (egunkari intimoak, lagunen arteko posta, txioak, txat pribatuak eta abar) Praktika letratu nagusien kontrakoa da, hauek publikoak eta formalak baitira, eta arau zorrotzen pean baitaude. Alegia, lagunen artean eta senitartean hizketa biziagoa erabiltzen dugunean bezala, idaztean horrelako testuak ekoizten dira eta bernakularrak deritze.

Kontua da bi esparruak, nagusiena eta bernakularrena, nahasten direnean. Cassanyren beraren iruzkinari jarraiki, desberdintasun horren inguruko hausnarketa ondo dago; klasean bernakularra era formalean irakastea berriz, lekuz kanpokoa –adibide gisa, komunetan idazten irakastea aipatu du–. Hortaz, lehenengo paragrafoan aipaturiko berrian testuingurua falta zaigu.

Halaber, dagoeneko hemendik agertu da hizkera “formalegiari” buruzko kezka; Oihan Vegak idatzitako sarrera, adibidez. Are, Guillermo Gómezek ere aipatu dit inoiz Twitterren euskaldun askoren idazkerak sortarazten dion harridura. Edonola ere, SMSak era ideofonematiko horretan idazteko, hizkuntza menperatu egin behar da, ikerketek diotenez.

Beharbada, bi praktika letratuen arteko jauzia ageri zaigu arestian azaldutako bi kasuetan… edota hizkuntzaren erregistro desberdinen jabe izatearen –ala ez izatearen– ondorioak.