Aurre hartu ala zain egon?

Ikaste kontuetan badago jarrera proaktiboa… eta erreaktiboa. Alegia, aurrea hartu, saiatu ala zain egotekoa. Halaxe sumatu nuen lehengoan bilera batean; bertako partaideetako batek esparru jakin bateko “prestakuntza eskatu” zuen.

Noticias de Navarra-n argitaraturiko argazkia

Esparrua teknologikoa izanik, nire curriculumaz eta ezagutzez pentsarazi zidan. Hala, informatika eremuko hainbat ikastaro “egin” ditudala konturatu nintzen. Are, aspaldikoak dira lehenengoak, 1989koak hain zuzen (bai, bazegoen ordurako ordenagailurik). Besteak beste, open-access zeritzon software-pakete bati buruzkoak; garai hartako aditu batek zioen pakete hura izango zela gerora erabiliena baina ematen dit ez zuela asmatu. Urteak joan ahala, autoformazio egituratu bidez ere burutu nituen batzuk eta IT deritzon txartela eskuratu (ia inoiz erabili ez dudan programa batena, portzierto). Edonola ere, powerpoint ezagunaren ingurukorik ez dut inoiz egin, ez dut bide ez formalean landu, baina nire kabuz saiatu naiz… eta ikastaroren bat prestatu eta ematerainoko maila erdiestera ere iritsi nintzen.

Ondorioz, nagusiki teknologiaren munduan sarri norberak egiten duenari jarraiki, Sarean dauden baliabideak modu egoki samarrean erabiliz, jardunez ikasten dugulakoan nago. Ikastaroetan “ikasitakoa” bere horretan geratu izan da erabili ezean. Aipatua dut hemen jada ikaskuntza ez formalarena. Adibide bat jartzearren, ez dakit whatsapp hori erabiltzeko ikastarorik antolatzen ote den, baina horixe erabiltzen dela azken boladan, ezta? Ez nau harritzen, beraz, Eusko Jaurlaritzak berak eginiko azken migrazioan bertako langileei ikastaro andana eskaini ordez “pilulatxoak” eskaini izana. Izango duen emaitza… beste upeleko sagardoa, jakina.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *