Estrategikoak komunikatzen eta elebitasun hartzailea

Valentziatik itzuli berria naiz; bertako Diputazioak antolatutako jardunaldi batzuetan parte hartzera gonbidatu ninduten. Tailer bat antolatzeko proposatu zidaten; gaia, estrategiak hizkuntzen ikaskuntza hobetzeko izan zen, hain zuzen ere. Beste blogean eman dut tailerrean egindakoari buruzko informazio zabalagoa; seguruenik, hurrengo asteetan ekarriko dizut zerbait hona, estrategien gaiak horretarako eta gehiagorako ematen baitu.

Baina, adiskide batek galdetu dit bertan bizi izandakoez, eta horretara natorkizu oraingo honetan. Esperientzia  interesgarria bezain aberasgarria izan dut; guztia ezin erraz laburtu eta alderdi bati erreparatuko diot. Egia da jardunaldiotan ibili garen guztiok badugula lingua franca jakin bat; hala ere, gutxitan erabili dugu eta komunikazioa lortu dugu. Neurri handian, murgiltze antzeko bat izan da niretzat.

Colon Merkatua, modernismoaren adierazgarrietako bat Valentzian. Iturria: puroticorico Flickr-en

Heldu nintzen egunean tokia eta jendea ezagutzera hurbildu nintzen MuVIMera. Eta, lehenengo ustekabea: hizlaria, Nel Vidal, gailegoz ari zela iruditu zitzaidan –hala zen– eta entzuleriak galderak valentzieraz egiten zizkion. Denok elkarrekin bazkaldu genuen eta, bigarren ustekabea, nork bere hizkuntzan ari zen mintzatzen (gailego bat, katalan pare bat, valentziarrak) neu izan ezik; gaztelera erabili behar. Baina gehiena ulertzeko gai nintzela konturatu nintzen eta normaltasunez joan zen. Ondoren, bisita gidatua, Valentzia hiriak duen modernismoa ezagutzeko; hura ere (hemen, katalanez azalduta) valentzieraz, Fil-per-rrandako Imma gidari genuela. Atzoko saion, ni neu gazteleraz aritu nintzen, esaldi bat edo beste izan ezik; partaideak, aldiz, euren arteko ariketetan zein niri egindako galdera eta iruzkinetan, valentzieraz nagusiki –ariketa batean euskaraz zegoen testu bat jarri nien arren, ulertzeko erabiltzen ditugun estrategiez hausnar zezaten–.

Elebidun hartzailea, beraz? Bai, eta funtzionatu duela ematen du. Beti ez dut horren argi ikusi baina… Seguruenik, oraingoan, aldeko aldagai ugari egon da: motibazioa, testuingurua, partaideon nolakotasuna… gure estrategiak… Beste zalantza bat bukatzeko: Euskal Herrian izan balitz, berdintsu jokatzeko zail; hortaz, denak lingua francara joko genukeen, lagunartean ere sarri gertatzen den legez?

Eta, politena, beharbada, gaur irakurri dudan txio hau. Ikasten segitzeko gogo eta asmoaren erakusle.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *