Bertsobot

Joan den astekoaren jarraipen gisa, hona hemen Aitzol Astigarragak bidalitako informazioaz osatutako sarrera. Mila esker, Aitzol, eta badakizu txoko honetako ateak irekita dauzkazula.


Sarrera

2012ko apirilaren 18an, Euskal Herriko Unibertsitateko errektore taldeak bertso-saio berezia antolatzeko gonbita luzatu zigun: bertsolari eta makinen artekoa, alajaina! Erronkari baiezkoa eman eta Informatika  Fakultateko hainbat ikerlari elkar lanean jarri ginen, bertsoBot-aren lehen prototipoa plazaratuz. Bi robot, Galtxagorri eta Tartalo, aritu ziren saio berezi horretan bertsolariekin batera, eta saioak arrakasta handia izan zuen medioetan. Jendaurrean eta bat-batean egindako saio esperimental horretatik ikasgai garrantzitsuak atera genituen, zinez: bai robotika arloari dagozkionak, eta baita testuen sorkuntza automatikoari buruzkoak ere.

Baina garrantzitsuena: orduko saioak balio izan zigun jolas gisa planteatutakoari serio heldu, eta bertsolaritza, hizkuntza-teknologiak eta robotika uztartuko dituen ikerketa-lerroari hasiera emateko.

Helburuak

Helburu praktikoa jarri diogu ikerketa-lerroari: bertsotan aritzeko gaitasuna erakutsiko duen makina  autonomoa garatzea: bertsoa osatzeko instrukzioak ahoz jaso, hauek prozesatu eta ahalik eta bertsorik egokiena osatu eta kantatuz.

Baina helburu praktiko horren atzean, ikerketaren benetako oinarri diren beste helburu hauek dauzkagu:

  • Makina eta gizaki arteko hizketa bidezko komunikazioa.
  • Elkarrizketa sistema bat garatzea, bertsoa edo poesia oinarri gisa harturik.
  • Giza-sormenaren eredu konputazionalak aztertzea.
  • Poesia sortzaile automatikora bidean pausoak ematea.
    • Corpusetatik hizkuntza-ereduak erauzi ikasketa automatikoa baliatuz
    • Bertsoen egitura narratiboa aztertu eta mezu berriak egituratu eta formulatzeko aplikatu.

Beraz, bertsogintzaz harago, hizkuntza naturalarekin, euskararekin, diharduten teknologiak ditugu  aztergai gure lanean. Oinarrizko ikerketa bazter utzi gabe, aplikazio esperimentalak aurkezten saiatuko gara, geroago alor horietako enpresa edo erakundeek garatu eta produktu bihurtzeko aukera eskainiz. Besteak  beste:

  • Ahots bidezko elkarrizketa-sistemak.
  • Erantzun emozionalak detektatzeko gai diren robot adimendunak
  • Hizkuntzen ikaskuntzarako software-tresnak
  • Plagioak atzemateko eta autore-testuen azterketarako tresnak
  • Bertso-sorkuntzan lagungarri izango diren tresnak: errima bilatzailea, doinu hautatzailea, bertsoen bilatzaile semantikoa, etab.

Zergatik bertsolaritza?

Norbaitek galde dezake ea zein den benetan robot bat bertsotan jartzearen interesa. Azaldu behar genioke  gure helburua ez dela inondik ere bertsolarien pare arituko den makina lortzea. Bertsolaritza aukeratu dugu  adierazpide gisa, hizkuntzalaritza konputazionalaren ikuspegitik begiratuta interesgarriak diren ezaugarriak  biltzen dituelako:

  • Hizketa librea bere horretan larre zabalegia da. Bertsoaren betekizunek eremua mugatzen digute, eta  horrek, konputazionalki bere bentajak dauzka.
  • Bertsoaren betebehar tekniko diren neurria eta errima, konputazionalki tratagarriak dira.
  • Hizketa arruntean ez bezala, bertsotan oso ondo zehaztuak daude elkarrizketaren ezaugarriak: noiz  hitz egin eta noiz entzun, berbaldiaren iraupena, etab. Horrek mezu truke eta elkarrizketa errazten du.
  • Bertsoa bera komunikazio tresna gisa interesgarria da. Bat-bateko bertsoak prozedura zehatza dauka.
  • Bertsolariak bere mekanismoak dauzka esan nahi duenari forma eman eta bertso bidez adierazteko  (ideia nagusia bukaeran, oinen aukeraketa, puntuz-puntu osatzea…); beti ere betebehar tekniko  zorrotzak jarraituz (neurria eta errima). Eredu hau, bertsoarena, interesgarria zaigu bai forma aldetik  eta baita diskurtsoaren antolaketaren aldetik ere bertatik ikasi ahal izateko.
  • Ahozko adierazpideen artean, bertsolaritzak leku berezia du gurean. Dokumentazio lan izugarria dago egina, eta corpus hori eredu bikaina litzateke guretzat, bertatik ikasi ahal izateko.
Errobota_konpri
Nao robot txikia

Ikerketa-taldeak

Robotak itxuraz hain erraz egiten duen zeregin bakoitzaren atzean lan handia dago.

Batetik, robotika-lanak daude, RSAIT Robotika eta Sistema Autonomoen Ikerketa Taldeak gorputza jarri dio makina bertsolariari. Honela, robota gai da aginduak jaso eta  bere ingurunean mugitzeko: mikrofonora hurbildu, heldu, jiratu, atzera itzuli eta antzeko mugimenduak eginez. Robota hizkuntz naturalean (euskaraz) komunikatzeko gai da, eta sentsoreak baliatzen ditu ustekabeko gertaeren aurrean erantzuteko.

Bestetik, IXA ikerkuntza taldean egindako lanari esker hutsetik bertsoak sortzeko gai da robota (hala-moduzkoak badira ere), ikasketa automatikoko teknikak baliatuz. Era berean, zentzu handiagoko bertsoak sortzeko, beste bide batzuk jorratu dira RSAIT taldearekin batera: corpus bidezko hurbilpena abiapuntu gisa harturik, puntuen arteko antzekotasuna eta koherentzia jorratzen dutenak.

Azkenik, aipatu beharra dago Aholab ikerkuntza taldearen lana.Talde honek  ahotsaren sorkuntzan hainbat urtetan egindako lanari esker jarri ahal izan dugu kantari robota.

 

Kontaktua: Aitzol Astigarraga Pagoaga

aitzol.astigarraga@ehu.es

 

 

Robot-bertsolaria?

Behin baino gehiagotan galdetu didate ea ni naizen “Iñaki Murua, bertsolaria“. Baina ezagutzen bagaituzu, begien bistakoa da bion arteko aldea. Hala ere, bertsoen munduarekin zerikusia du gaurko sarrerak.

Izenburua ikusita, zientzia-fikzioaz arituko naizela pentsatu duzu, agian. Kontuz, dena den: Star Trek-en horrela har zitezkeen hainbat tresna inguruan ditugu egun, ordenagailu eramangarriak edo tabletak, esaterako. Areago oraindik: gaur bertan gai horren inguruko hitzaldia emango du Aitzol Astigarragak Bilboko Alondegian. Honela aurkeztu dute ekitaldia:

Bertsoa aipatzean burura datozkigu berehala jolasa, inprobisazioa eta hizkuntza. Robota aipatuz gero, berriz, errazago lotuko genuke lana, errepikapena eta makina bezalako terminoekin. Beraz, robot-bertsolari adierazpenak kontraesana dirudi bere horretan, oximorona.

Orduan, posible ote da robot batek bertsotan egitea? Zeintzuk dira horretarako beharko lituzkeen gaitasunak?

Galdera horiek buruan ditugula, robotika eta hizkuntz-teknologietan barrena egingo dugu bidaia. Bertsolarien gisan, tradiziotik jasoa gaur egunean txertatzen ahaleginduz.


Argazkiaren iturria: http://www.sc.ehu.es/ccwrobot/seccion/robotak

Ni kontu berri-berriaz ari nintzelakoan, orain dela bi urte, 2012ko apirilean, robot eta gizakien arteko bertso-saioa izan zela aurkitu dut; are, robotetako bat ez omen zen oso fin ibili; orduko beste bideo bat, Egañarekin lehian. 2013ko udaberriko beste bideo bat duzu hemen; kasu honetan, bi bertsolari gazteren kontrako lehian. Bietan, Aitzol Astigarraga  tartean zen, jakina.

Interesik baduzu, badakizu: arratsaldeko zazpietan duzu Bilboko Alondegian hitzordua. Auskalo inoiz Galtxagorri hori bere esparruan Deep Blue izatera iritsiko den.