Beste liburu bat?

Lanbideaz galdetzen didatenean erantzuna ez da erraza izaten. Hobeto esanda, “teknikaria naiz” erantzuna erraza eta laburra da esateko baina ez akaso ulertzeko. Izan ere, administrazio publikoan teknikari zarela adierazteak behin baino gehiagotan “ertzain” izatearen sinonimotzat ju du inoiz solaskideak. Zein arlotan, ba, teknikari, galdetuko diozu agian zeure buruari, irakurle, oraindik ezagutzen ez banauzu. Didaktika-teknikari zehaztu nahiak ere ez duela gehiegi laguntzen ematen dit, egia horixe izan arren.

Horregatik azken boladan argitze aldera zeregin bikoitza dudala esaten dut, Jeckyll eta Hyde izango banintz bezala; tira, bigarren alderdi gaiztorik ez dut uste dagoenik, baina bikoiztasuna egon badago. Izan ere, badut azterketa kontuetan erantzukizunik, eta aldi berean, editore gisa esparru sortzaileagoetan mugitzen naiz.

Nire editore-lanaren ondorengo lehendabiziko liburua atera zenean, 2013an hain zuzen, hemen iragarri nizun: Daniel Cassany, “Sustraietatik zerura”.  Bigarrenaren berri ere eman nizun 2015an, aldizkariaren zenbaki berriarekin eta aldaketekin batera orduan: Nire azken ekoizpenak: Hizpide 87 eta Itzulpen Saila 54.  Hirugarrenari, aldiz, ez nion hemen tokirik eman 2018ko martxoan kaleratu zenean: Gabriel Diaz Maggioliren “Hizkuntza-irakaslea: irakaskuntzarako eta ikaskuntzarako gaitasun metodologikoa”.

6 urte joan dira jada editore-gisa. Aldizkariarekin aurrera egiten dugu, Hizpide aldizkaritik e-Hizpiderako segida eten gabe eta jauzi digitalari erantzunda. Itzulpen Saila bilduman, azken liburua argitaratu dugu oraintsu: Jim Scrivener-en “Ikasgela kudetzeko teknikak” (jatorrizko bertsioan, “Classroom Management Techniques“).

Egia da nire izena ez dela bildumako liburuetan agertzen normalean, propio idatzitako hitzaurrerik ez badago behintzat. Hala ere, egilea pozik dagoela ikusteak asetu egiten nauela onartu behar dizut. Horrez gain, hizkuntzaren irakaskuntzarako beste aletxo bat ekartzeko ahalegina egin dudala uste dut. Ondorioz, ezin esan niretzat beste liburu bat besterik ez dela.

Elebitasuna, bi hizkuntza hitz egitea baino gehiago

Idatzi dut dagoeneko elebitasunaz blog honetan; esate baterako, gaiaren inguruko hitzaldi baten laburpena egin nuen “elebidun izateaz” sarreran 2015eko irailean. Nire txoko nagusian ere azaldu da behin baino gehiagotan “elebitasuna / bilingüismo” traola. Halaber, nire ekoizpenak ere izan ditugu hizpide hemendik.

Gai biak uztartuta, e-Hizpide aldizkarian argitaratu den artikulu baten berri dakarkizut hona: “Elebitasuna, bi hizkuntza hitz egitea baino gehiago“. Hauxe duzu laburpena:

Elebidun izateak baditu ondorioak, hizkuntza baten baino gehiagotan komunikatzeko gaitasuna izateaz gain. Hau honela, elebidunen eta elebakarren arteko alderaketek zientzilari askoren interesa piztu dute aspalditik. Artikulu honetan, ondorio linguistikoei eta kognitiboei erreparatuko diegu, ondorio positiboei zein negatiboei, eta horretarako hainbat ikerketaren emaitzetan oinarrituko gara. Halaber, “abantaila elebidunaren” hipotesia aurkeztuko dugu.

Eta sakondu nahi baduzu, bibliografia zabala eskaini dute bertan Eneko Antón eta Jon Andoni Duñabeitia zientzialariek; bi hauek, arestian zeharka aipatutako Manuel Carreiras bezalaxe, BCBLko kide ditugu.