Irakaskuntzari buruz ikasi ditudan hiru gauza

Horrela deitu zuten Catalunyako Universitat Obertak eta Jaume Bofill Fundazioak indarrean jarritako ekimena. Pere Marquesen blogaren bidez izan nuen horren berri; berak erantzun zuen, bere esparruko ekarpenak eginez nagusiki. Jakin badakit Daniel Cassanyk ere erantzun zuela (bai, Sustraietatik zerura liburua idatzi zuen berberak)

Garai batean, 2008an hain zuzen, antzeko zerbait galdetu genuen Heziberri zeritzon ekimenean: gazteen erronkak 2025an (gero eta hurbilago dago data, portzierto). Orduko ekarpen bat ere ekarri nizun esparru honetara, Jose Mari Lasarena hain zuzen.

Noticias de Alavan argitaratua

Ez dakit, irakurle, zein mailataraino izango zaren irakaskuntzan aditu. Baina, aritu, ikasle gisa bada ere, seguru baietz. Beraz, izenburuko galderari erantzun nahi badiozu…

Oharra: ez da beharrezkoa Pereren luzerako erantzunik… nahi ez baduzu, behintzat.

30 urte (eta hilabete bat) geroago

Irakaslerik onena bizitza ote da? Behin baino gehiagotan galdetzen diot neure buruari. Uholdeak gertatu zirela 30 urte bete dira aurten; hamaika erreportaje, elkarrizketa, iritzi, blog-sarrera… plazaratu dira azken hilabetean. Izan ere,  denok gogoratzen dugu, gutxi gora behera, non egon ginen eta zertan ari ginen une haietan.

DEIAn argitaraturikoa

Inoiz kontatu dut parte-hartze zuzen-zuzena izan nuela Bilbon gertatutakoan (aurten, orain dela bost urte). Tamalez, ez elkartasunagatik; kaltetuen artean egon zen nire familia, Atxurin bizi baikinen. Ilobei kontatzeko pasadizoa banuela pentsatu nuen hasiera batean; gerora, hainbat hausnarketa egiteko modua ere izan dut. Besteak beste, zer ikasi nuen orduan (parentesia: udan izan zen; nire tesia sendotu egiten da, beraz). Honatx laburbilduta:

  • laguntasuna, elkartasuna zer diren; baina, aldi berean, ez dela gauza bera zeure arazoa izatea edo, nola edo hala, arazoa zeure egitea; are gutxiago, ikusle modura egotea, laguntza eman arren.
  • izua zer den, hurrengo egunean (edo orduan) zer gertatuko den ez jakiteak dakarren izua (urez inguraturik marea goraren zain egon ginenean bezalaxe)
  • bakardadea, isolamendua (zeuden auzoko bakarrak egoeraren larritasunaz jabetu ziren arte behintzat; ez argirik, ez telefonorik…)
  • bizitza di-da batean alda daitekeela, jaietatik hondamendira zegoen tartea zein txikia zen (den), eta dena galtzeraino ere irits litekeela, bizitza bera ere bai (baten batek galdetu zidan gerora ea ez nuen etxea eror zitekeela pentsatu; pentsatu izan banu, igerian alde egiten saiatuko nintzatakeela erantzun nion)