Hezkuntza-sistema begirada batez

Zer da infografia bat? Agian, ezagutuko duzu hitza edota, zirikatzearren, Bécquerren olerkian bezala erantzuteko tentazioa sortu zaizu (“eta zeuk galdetzen didazu?…)  Badaezpada, izenak argi utzi ez badu (info + grafia)  hona hemen pare bat definizio:

  • Harluxet hiztegian: Informatikak irudiak sortu eta tratatzeko erabiltzen duen teknika (honen arabera, infograma da irudia, teknika horren bidez eginikoa alegia)
  • Gazteaukerak dioena (eta bide batez horrelakoak egiteko tresna batzuren aipamena): Infografiak informazioa bisualki aurkezteko sortu ziren: datuak, albisteak zein gertaerak era sintetikoan eta grafikoan laburbilduz. Era horretan errazago ulertzen ditugu edukiak.

Laburbilduz, irudia, ikusiz erraz ulertzeko bidea ematen duen irudia edo irudi-bilduma. Gero eta ugariagoak ditugu -nahiz eta beti argigarriak diren zalantzazkoa izan-.

Hala, Espainiako hezkuntza-sistemari buruzko infografia batekin egin dut topo. Alazne Gonzalezek egina da (gehiago ere baditu), eta bere baimenaz dakarkizut hona.  Hau, argigarria delakoan nago, hainbeste bide eta izen-aldaketarekin ez delako erraza zer estudiatzen den eta zein bide egiten den jakitea… hezkuntza-sistema egituratua eta formalean, behintzat.