Burmuina oporretan?

Bagaude uztailean. Eta badirudi opor ukitua duela inguratzen gaituenak (aurten, antza, eguraldia dugu salbuespen). Hala, deigarri egin zitzaidan joan den astean Athleticen emakumeen taldeko kapitain den (eta Bilboko Aste Nagusian pregoilari izango den) Iraia Iturregik  idatzitako txio bat:

Irudiaz ari naiz, ez atsedenaren beharraz edo denbora bestelako jarduerei eskaintzeaz, jakina. Bizitza osoan ikasi behar bada, udak horretarako ere badira nire ustez. Ikaskuntza formaletik ez formalera doan bereizketa continuum bat dela onartuta, ohar gaitezen garai bateko iraileko azterketak ekainera joan direnetik txikitu egin dela formaltasun horren esparrua, baina, aldi berean, ezin ukatu eskaintza ez formala hedatzen doala. Are, ez dugu ikasten atzerrira goazenean? (eta ez soilik gazteak hizkuntza ikastera joaten direnean) Noiz ikasi genuen igerian? Eta bizikletan? Zer ikasten dugu liburuetatik? Eta museoetan? Eta hondartzan edo mendian eginiko txangoetan?

Laburbilduz, uda, beroa, oporrak, bai, baina burmuina adi eta bizi. Haur, gazte eta helduengan. Beti.

Etxerako lanen inguruan

Bilboko Udalaren ekimen baten berri izan dut. Irakurri dudana baino ez dakidala aurreratuko dut, beraz ez ditut ezagutzen ez mamia ez arduradun zuzena. Euskaraz ez dakiten gurasoei zuzenduriko tailerrez ari naiz; etxerako lanetan  laguntza emateko aholkuak eskaintzen zaizkie eta  “[Enlace roto.]ekimen orokorragoaren baitakoak dira.

Alabaina,  ez da hizkuntzari buruzkoa nire hausnarketa, seme-alabei etxerako lanetan laguntzea zer den baino. Egia esan, sarri entzun ohi zaie gurasoei seme-alabekin batera egiten dituztela horrelako zereginak edota etxera doazela umeek horiek egin ditzaten. Horrez gain, dena delako “laguntza” horrek noiz arte iraun behar duen mintzagai izan genezake.

Urrutiago noa; bidegabekeria deritzot etxerako lan izena ematen zaion askori. Ikaslearen testuingurua eta dituen baldintzak/aukera funtsezkoak dira gainera. Adibide bat. Eman dezagun horrelako egoera bat ematen dela: “begira ezazu etxean Interneten…” Eta ez badauka? Gutxi izango dira horrelako egoeran daudenak agian (tira, Eustaten estatistiken arabera, 2012an %40tik gora zegoen kopuru hori)  baina desberdintasunak areagotzeko modua delakoan nago. Gurasoen “laguntza” horrekin gerta litekeen bezalaxe.

deia.com-en ateratako argazkia

Hemen duzu orain dela hiru urte eman nuen ikuspegia; iritzia ez da aldatu. Halaber, berri-berria ez bada ere eta gazteleraz izan arren, José Manuel Sánchez Galánek idatzitako sarrera hau interesgarri suerta dakizuke: 10 verdades acerca de los deberes (o 10 razones para dejar de mandar deberes)

Eta nola ikusten duzu zeuk? Iritzia partekatu nahi?