Berriak, hizkuntza eta Bilbo

Zein hizkuntza erabiltzen da berriak emateko? Galdera erretorikoa dela pentsa daiteke. Hala ere, behin baino gehiagotan dut buruan eta behin baino gehiagotan pentsatu dut hemen gaiaz idaztea. Ez testuinguru pertsonalean erabiltzen denaz, ez; hizkuntz ohiturei buruz duela gutxi aritu nintzaizun-eta –eta ohiturez, eta euskarari buruz maiz–. Prentsari buruz ari naiz gaurkoa; izan ere, hizkuntzaren hautaketaren garrantziari buruz eman nuen iritzia aspaldi nire beste txokoan.

Euskara hutsez diharduten komunikabideez gain, hemen argitaratzen diren egunkarietan agertzen da berririk euskaraz. Eta, nire ustez, tesi doktoralerako izan liteke berri horien gaia. Ematen dit, eta ez dudala oinarritutako daturik aurreratzen dut, berri bitxiak edo euskararekin zerikusia dutenak direla nagusiki.

Eta horrelako burutazioetan nenbilela, Blogetan lehiaketan honek daraman ibilbideari erreparatzeaz gain –ezin ukatu–, DEIAko berri honekin egin dut topo Sabin Anuzita zinegotziaren bidez: [Enlace roto.].

David de Haro-ren argazkia DEIAn

Ondo baino hobeto dakizu bilbotarra naizena. Are, bilbotar euskalduna –ala euskaldun bilbotarra, auskalo–. Lehen hausnarketa, etorri ahalean: zorionez, egungo egoeran ez da horren arraroa. Joan den mendean, adinez txikia nintzela, susmoa dut nolabait izkutuan zegoen kontua ere bazela; zigortua ez nintzen izan baina inoiz “niño habla en cristiano” entzun ere egin nuen. Oso albiste pozgarria, finean, nahiz eta ezagutzatik erabilerarako jauziaren erronka hor izan, Sabinek berak aitortu duen bezala –eta estatistikak estatiska direla, baina hori beste upel bateko sagardoa da–. Eta gainera, “bilbaino” erabili dute, diptongoaz eta azentu-markarik gabe, nik egiten dudan bezala.

Baina –katxiporreta, beti egon behar “baina“ren bat– gazteleraz dagoen berria da. Idazlanetan egun egiten dugun hasierako planteamenduari jarraiki, galdera sinple batzuk –horiexek izan ohi dira maltzurrenak–: zein da hartzailea? zein da mezuaren xedea?

Tira. Errepara diezaiogun alderdi positiboari. Beti esan izan dut ez dudala museo batean bukatu nahi. Bitartekoak badauzkagu; orain, “ekin eta jarrai”, mundu eleanitzaren errealitateari muzin egin gabe, Fredi Paiak urrian kantatu zuen ari jarraiki, Bilbo euskalduna lor dezagun (eta, seguruenik, orduan Euskal Herri euskalduna ere bai).