Herrigintza eragingarria

Gure artean asko hitz egiten da herrigintzaz. Askok diote (edo, hobeto esanda, garrasi egiten dute) herrigintza ezinbestekoa dela euskal nazioa eratzeko.

Betiere, herrigintza, hitzak berak adierazten duenez, eginez egiten da, ez ahoz gora, ez inoren aurka, ezpada elkarrekin egin behar da, eta guztiona izan behar duen herri horretan guztiok eroso sentitzeko moduan egin behar da.

Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Jean-René Etchegaray Lehendakaria

Bada, herrigintzaren eredu bi ditugu denbora laburrean. Lehenengoz, Iñigo Urkullu eta Jean-René Etchegaray aurtengo otsailaren 1ean batu ziren Baionan, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Euskal Hirigune Elkargoaren arteko lankidetza sustatzeko. Ikuspegi bi eta helburu bakarra: guztiok batu gaitzakeen esparrua eraikitzea. Astelehen honetan, berriz, Bordelen Akitaniako Erregioko partaide lege agertu dira Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Komunitatea, Nafarroak iaz erregio horretako kide egitea onartu zuenez gero.

Uxue Barkos, Rousset eta Iñigo Urkullu

Horra hor herrigintza eragingarria: guztion aldekoa dena, inoren aurkakoa ez dena, euskararen lurraldeak batera aritzeko esparrua eskaintzen duena. Horra hor ekimen politiko sotila: nork bere iritzia emateko aukera ematen duena, desadostasunak partekatzeko bidea zabaltzen duena, guztion iritziak oinarri hartuta proiektu erkide batera heltzeko parada ahalbidetzen duena.

Ez da aparteko garrasirik entzun; inor ez da plaza zabalera harro azaldu. Ostera, etorkizunean elkarrekin izan eta bidean aurrera elkarrekin ibiltzeko oinarri sendo bi ezarri dira. Hortik aurrera, beti esan dudan legez, euskal herriek erabakitzen duten lekuraino.

“Dena edo ezer ez” leloa sinesten dutenek historiari erreparatzea baino ez dute: % 100ean, “ezer ez”. “Egin dezagun ahal duguneraino” diotenek, berriz, badute historiaren eskarmentua. Badakite sarritan onena onaren arerioa dela, eta badakite, geroenean, unean-unean lor daitezkeen proiektuetatik harantzagokoek herritarren zapuztea baino ez dakartela. Idiaren urratsa behar dugu: sendo eta atzeraezina.

Eta guztiaren gainean pertsonen giza eskubideen errespetua eta printzipio demokratikoen nagusitza.

Horixe da herrigintzarako biderik eragingarriena.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *