Dopina kiroletik kendu behar da

Egunokin ikusi ahal izan dugu Urdaibai traineruko hainbat lagunen aurka emandako epaia. Epai horrek osagilea bera ere ukitu du. Horrelako gertaeren aurrean, irudikeria eta zurikeria berbak datozkit gomutara. Eman ditzadan hainbat arrazoi, ez guztiak baina.

Lehenengo eta bat, kirol profesionala ikuskizuna da, negozioa da, ez da kirol hutsa. Errekor berba, garaipen eta ausiabartza berbak dira nagusi; geroenean, bigarrena izateak ez du garrantzirik, bigarrena nor den inork ez daki-eta. Horrela diote hainbat kirolari profesionalek; berbarako: Kontxako Ikurrinaren irabazleak baino ez dira gomutatzen eta abar.

Bigarren, kirol profesionala osasunaren aurkakoa da. Izan ere, gorputzak berez eman dezakeena baino gehiago egin behar da, norbait izango bagara hedabideentzat, ikusleentzat… Harritasunez entzuten diegu telebistetako eta irratietako esatariei zelan Urdaibaik kendu dion hainbeste segundo bigarren traineruari, hirugarrenari edota azkenari. Inork pentsatu al du zelan jo daitezkeen hogeita hamarretaz palada minutuko hogei minutuko estropada baten? Txokolateaz, Cola-Caoz, bitaminadun nahasketez bakarrik? Ez gaitezen zuriak izan. Gauza bera ikus dezakegu txirrindularitzan eta enparauko kiroletan.

Oraingoz, geroenean, kirol profesionala hainbat umeren (sarritan ume ezeduki askoren) bizitzako irteera da. Hau ukaezineko baieztapena da oraindik erabat garatuta ez dagoen munduan, baina baita ere mundu garatuko hainbat esparru txirotan ere; halandaze, ezedukitik, miseriatik, urteteko abagune bakarra dute. Eta prest egongo dira edozer egiteko gorengo mailara heldu eta beronetan irauteko. Erraza da juzguak kanpotik egitea, are errazago, norberak egin behar ez duenean kirolari profesional baten ahalegina.

Guztientzat eman nahi baditugu aukera berdinak, dopintzat ulertzen ditugunak kirolaren legearen barruko beste osagai hauek sartu behar dira: botikak eta beste tresna guztiak, kirolari profesional batek eman behar duen etekina lortzeko. Hala biz!