Durangoko Azokaren erabilera okerra

Gerediaga Elkartearen ordezkariak 2015eko Azokaren balorazioa egitean

Post honetan, Durangoko Azokaz egiten den erabilera arriskutsua aitatu nahi dut. Arriskua, beharbada, ez da epe laburrean Azokarentzat berarentzat izango, bai, ostera, euskal kulturarentzat. Eta argi laga nahi dut hasieratik Durangoko Azokak ez duela erantzukizunik honetan, ez eta haren antolatzaile Gerediaga Elkarteak ere. Hau da, Durangoko Azokak tresna izan beharko luke euskal liburugintzarentzat bezala euskal kulturaren enparauko produktuentzat; betiere, gaur egun Durangoko Azoka helburu edo xede bihurtu dute.

Badiot Gerediaga Elkarteak ez duela erantzukizunik, berak oso argi ezartzen baitu 50. Azokaren araudiaren 1. artikuluan zein den Azokaren xedea: “Durangoko Azoka, Durangon (Bizkaia) urteroko maiztasunez egiten den jarduera da, euskaraz egindako edo euskararekin edo berezko euskal edukiak dituzten liburu, disko, CD, DVD, edo/eta euskarri digitaletan argitaratutako ekoizpen lanen erakusketa eta salmenta sustatzeko.” (http://durangokoazoka.eus/images/ARAUDIA2015.pdf).

Aurtengo Azokaren irudietako bat.

Betiere, urteen porasuz, Durangoko Azokara hurreratzen (izan) diren erakusleek nortasun hori laga dute ia guztiz albo batera, eta saltzaile huts bihurtu. Gerediaga Elkarteak, Andre Maria Sortzez Garbiaren egunean egindako balioztapenean, datuok eskaini dizkigu: 120 000 lagun agertuak dira azokara, eta beste 30 000 lagunek webgunea ikusi dute. Hori guztia, azken eguneko datuak kontuan hartu barik. Beste datu interesgarri batzuk ageri zaizkigu: 250 ekitaldi antolatu dira 5 egunetan zehar, 190 sinadura-ekitaldi izan dira… eta 350 nobedade ikusi ditu Durangoko Azokaren 50. edizioak.

Onar bekit ariketa hau egitea, albastoan bada ere, 5 egunetako datuok ateratzeko: 150 000 bisitari eta 37 500 bisitari birtual. Gutxi gorabeherako datuak dira, baina, nire aburuz, horiek balio dute, itaunok egiteko:

  1. 350 nobedade irunts ditzakete 150 000 bisitarik eta 37 500 bisitari birtualek batera 5 egunetan zehar?
  2. Zenbat liburu edota produktu argitaratu dira urteko gainerako 360 egunetan zehar, 350 nobedade horiez gainera?
  3. Euskararen eremua osotzen dugunok (3 milioi inguru gure zazpi lurraldeetan; ohar bedi ez ditudala euskaldunak neurri batean edo bestean izan gaitezkeenak bakarrik hartzen, hau da 800 000tsu) bagara gauza hori guztia geureganatzeko 5 egunetan zehar?
  4. 5 egunetan zehar 150 000 bisitari joan badira, hara joan ez direnek zenbat liburu erosten dute urtean zehar?
  5. Gaur egungo euskal liburugintza urtaro jakin bateko emaitza da?
  6. Zergatik ez dago liburu-denda bat ere ez 140 standen artean?
  7. Zergatik dira Durangoko Azokako prezioak eta herrietako liburu-dendetakoak gehienetan berdinak?
  8. Zer geratzen zaie herrietako liburu-dendei saltzeko Gabonetako kanpainan zehar, nobedadeak erosten badira 15 egun aurretik?
  9. Zergatik ezabatu da igartzeke edo bestela baitakoan euskal liburugintzaren katearen gunerik ahulena? Hau ez ote doa ekonomiaren ekologismoaren aurka?
  10. Zelan lehia daitezke urtean zehar herrietako liburu-dendak prezioa, marjina, denbora eta enparauak ezartzen dituzten enpresa zabaltzaileen aurrean?
  11. Ez ote gabiltza urtean zehar ekoizpen-basamortua sortzen, 5 eguneko oasi iraungaitza sortuaz?
Azken eguneko ekitaldietako bat.

Badaukat itaun gehiago, baina bego oraingoz; oraingoan, nire ustez, hau ebatzi beharko lukete: 1) gu erakusle-saltzaileak gara; 2) gu saltzaileak gara; 3) gu erakusleak gara. Eta kontsumitzaileari esan. Bide batez, zergatik ez dira publizitatzen hainbeste urtean zehar argitaratzen diren liburuak eta gainerako kultura-produktuak, eta azaroaren 15etik atzera gonbit egiterainoko aitamenak jasan behar ditugu?