Idomenian elemenia: eutsi musulmanei edo greziar mugazain baten gogoeta

Siriar erbestetuak Idomenian.

«Grezia eta Mazedoniaren artean nago. Laster beteko dira 563 urte (maiatzaren 29an), Konstantinopla Mehmet II.a errege otomandarrak kendu zigunetik.

»Ordutik eta XIX. gizaldiaren hirugarren hamarkadara gure kristautasuna zapaltzen izan zuten turkiar musulmanek.

»Musulmanen esklaboak izan ziren gure asaba eta arbasoak. Eta kristauok musulmanen mendean bizi behar izan genuen.

»Gutako askori sinesmena aldatu eragin zieten, eta musulman bihurtu ziren haiek otomandarrak bezalakoak ziren, eta hainbatetan okerragoak.

»Jaungoikoari esker, gure asaba eta arbasoetako askok jadetsi zuten geure sinesmenari (benetako bakarrari) eustea. Horiei esker gara gaur egun kristauak.

Bizantzio.

»XV. gizaldian otomandarrek armen indarrez kendu ziguten gure hiri sakratua, eta gure eliza santua meskita bihurtu. Elemenia bat jenderen gudarosteak eta Sartalde kristauaren arduragabekeriak ekarri zuten Sortaldeko Erromatar Inperioaren ausiabartza.

»Konstantino XI.a Paleologoari moztu zioten otomandarrek lepoa, jenizaroen indarraz, hau da, musulman bihurturiko kristau ohi bortitzenen indarraz. Nik ez dut nahi gure seme-alabak izan daitezen gure zibilizazioaren akabatzaileak.

»Egun, musulmanak orduan legez ere elemeniaka ageri dira gure ateetara. Horregatik nago hemen: orain dela ia 563 urte jazo zena berriro gerta ez dadin. Oraingo honetan Sartaldeko Europak ezin izan du ez ikusiarena egin, haren bihotzaren barrenean jo dutelako musulmanek.

»Kristauok akabatu nahi gaituzte berriz ere. Gure seme-alabak salbatzea nire esku dago. Eta edozer egiteko prest nago.

»Gas negar-eragilea erabili behar badut, erabiliko dut, musulmanek euren seme-alabak lehenengo lerroan ipintzen badituzte ere.

»Oraingoan, gure seme-alabek ez dute besarkatuko islama. Ez dira gaurko jenizaroak izango, ez eta bihar-etzikoak ere.

»Ongikeriak ez gaitu salbatuko lurreko infernutik. Armak ditut eskuan eta erabiliko ditut. Nire seme-alabak gogoan beti.

Greziar poliziak siriar erbestetuei eusten.

»Banoa mugara. Goizeko txanda daukat. Atzo telebistan azaldu nintzen kolpeak ematen muga igarotzen ahalegindu zirenei. Ez, ez dira igaroko ni nagoen bitartean. Oraingoan ez. Neure kristautasunak eta neure sendiak eskatzen didate. Eta gaur atzo bezain gartsu jardungo dut, musulmanak Sartaldeko zibilizaziotik kanpo uzteko.

»Banoa, Sofia maitea, gaur zure senarrak, atzo legez, ahaleginak eta bost egingo ditu zugana bihurtzeko; banoa, Kirsten eta Krischnan  bihotzekook, zuen aitak azken tantaraino isuriko du odola, zuen etorkizuna bermatzeko.

»Gero arte, nire kuttunok.»

(Leonidas greziar mugazainaren gogoetak, mugara lanera doan bitartean)