Euskal presoak etxerantz, eta biktimak?

Ni ez nintzen larunbateko kale-agerraldira azaldu.

Gogoeta iruntzitara egin nahiko nuke, txoko honek eskatu arau.

Har dezagun buruan ni naizela ETAk eraildako pertsona baten senidea (nire ustez, ariketa hau derrigor egin behar da).

TB pizten dut. Milaka lagun ikusten ditut, nire senitartekoaren eraileentzat eskubideak aldarrikatzen; nire senitartekoak, ostera, daborduko ez dauka ezein eskubiderik, bizia ostu zioten-eta.

Bilboko kale-agerraldia. 2016ko urtarrilaren 9a.

Telebistan (edozein espainiarretan, jakina) espainiar politikarien (jakina) iruzkinak entzuten ditut, eta badiote legeak betearazi behar direla (eurek ez dagitena, baina ez diotena).

Ikusi, irakurri eta entzuten dut egun guztietan eta hedabide guztietan ETAko “presoen kolektiboa”k beste presoak baztertu eta euren taldetik botatzen dituela, baldin eta berauek biktimen senitartekoengana hurreratu nahi badute.

Espainiar iruzkingileak beharrean.

Ez dut ikusten ETAko presoetarik gehienek ezein gizatasunik erakusten dietenik euren biktimei. Ikusten dut, ostera, ETA tematuta dagoela armak ez emateko.

(Hori guztia ikusi, irakurri eta entzuten dut hala moduz azalduta nik egunero erabili ohi ditudan hedabideetan).

Orduan, nik, ETAren biktima naizen honek, hauxe itauntzen diot neure buruari: zergatik arduratu behar dut nik haiengatik, haiek nirekin batere arduratzen ez badira?

ETAren atentatu baten osteko irudia.

Nire iritziz, presoen senitartekoek ez dute beste zigorrik pairatu behar, euren senitartekoen askatasuna galtzeak dakarrena baino. Legea bete behar da, eta preso bakoitzak bete behar du zigorra bere etxetik hurren dagoen presondegian. Hala ere, zentzuak badiost horrelako kale-agerraldiek suaren txinpartak haizatu baino ez dutela egiten. Eta su haizeberritu hori lehendik ereinda dagoen gorrotoaren emaria da. Emari pozoitsu baina eragingarria. Aldarrikatzen dena zapuzteko, jakina.