Gora Iñigo Martinez!

Egundoko astrapala sortu nahi izan da euskal hedabide publikoetan Iñigo Martinezek bere euskaran zabaldu duelako Errealeko zaleei egindako agurra. Astrapala ulertezina, benetan! Goazen egitateak aztertzen:

Iñigo Martinez ondarroarra da.

Iñigo Martinez futbolaria da.

Iñigo Martinez ez da hizkuntzalaria.

Iñigo Martinezek orain arte emandako prentsaurreko guztietan bere euskaran jardun du.

Iñigo Martinezi, Athleticekin fitxatu arte, inork ez dio ezer esan etxeko euskara erabiltzeagatik.

Iñigo Martinezek euskaraz idatzi du twiterra.

Iñigo Martinezen idatzia

Goazen orain bestelako inguruabarrekin:

Iñigo Martinezen euskara kritikatu dute EiTB taldeko profesional batzuek: euren lana egiteko bete beharko lituzketen euskara estandarraren oinarriak betetzen ez dituztenek.

Orduan, badatozkit burura gogoeta batzuk:

EiTB taldeko profesional horiek inoiz ez dute iruzkinik egin beste jokalari batzuek erabilitako moldearen gainean, batez ere gaztelaniaz jardun duten jokalarien gainean. Zer nahi izan dute? Orain asmatu dute Iñigo Martinez ondarroarra dela?

Inork, EiTBko profesionalen artetik, iruzkinik egin da aditzik gabeko esaldiak txitean-pitean oguzten dituzten jokalari erdaldunen gainean?

Lotsagarri deritzot kasu honetan euskal jokalari batek erabilitako euskararen gainean jardun behar omen izateari. Lotsagarri deritzot euren lanerako oinarrizko tresnak ez darabiltzaten jainko usteko profesional batzuek horren gainean jardun behar omen izateari. Gauza bera egingo dute oraindanik “dot”, “det” eta antzeko moduak darabiltzaten kirolari guztiekin? Ausartuko ote dira gaztelaniaz diharduten jokalariei analfabetoak direla esateko?

Hori guztia hala da, salbu eta nik gogoan hartu nahi ez ditudan beste arrazoi batzuk tartean sartu behar ez baditugu. Inoren euskararen ertzainak diren horiek hobe izango lukete euren burua aztertzea, eta euren beharra egiteko bete beharko lituzketen eta betetzen ez dituzten arauak zainduko balituzte.

Zorionak, Iñigo, bai Errealeko jokalari legez, eta bai Athleticeko jokalari legez. Zorionak, naturala izan zarelako. Zorionak zure “ondarrutar natural”ean aritu zarelako, eta bai Erreala, eta bai Athletic (hala Alavés, nola Osasuna) unean-unean haietan dauden pertsonen gainean eta unean-unean haien gainean diharduten pertsonen gainean daudelako.

Beste kontu batzuen gainean jardun dudanetan esan dudan legez, honelako lagunekin ez da zertan etsairik eduki.

Gora, Iñigo Martinez! Euskaldun batek bere euskaran jarduteari horrelako maiseoak egiten dituztenei itaundu beharko genieke ea zein helburu duten: nork bere euskara ez erabiltzea eta auzo-erderetako baten jardutea?

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *