Hizkuntza idatziz darabilgunean, zer idazten dugun horrekin adi eta tentuz ibili behar dugu, batez ere erakunde ofizial batek ematen duen informazioa baldin bada.
Azken egunotan, Irekiaren web orrian (nola ez) honako titular hau irakurtzeko parada izan dut:
Lehendakaria Antonio Basagoiti Euskadiko PPren presidentearekin bildu da
Irekiako erredaktoreentzako gaurko ikasgaian, titularra irakurrita, komaren erabilera egokiaz jardungo naiz. Adibide hutsez emandako lezioa izango dugu.
Lehenik eta behin, onartu beharra daukat oso ondo pasatu dudala esaldiaren interpretazio desberdinak imajinatzen, hona hemen pare bat:
1. “Lehendakaria, Antonio Basagoiti, Euskadiko PPren presidentearekin bildu da”: gustukoen dudan interpretazioa da, argi baino argiago uzten baitu EAEn nork agintzen duen, aginte makila nork daraman alegia. Antonio Basagoitiri lehendakaritza aitortzeak errealitatera hurbiltzeko saiakera isla dezake Eusko Jaurlaritzaren aldetik.
2. “Lehendakaria, Antonio, Basagoiti, Euskadiko PPren presidentearekin, bildu da”. Hori ere ez da makala. Erraz irudika dezaket Irekiako langileen nahaste momentu hori: Ba! Ez dugu gogoratzen lehendakariaren izena, nor da betaurrekoak dituen tipo hori? Bai, saxoa jotzen duena! Jo! Ba Antonio aurpegia dauka. Ale ba! Antonio deituko diogu lehendakariari. Jakina, horrenbeste egun galduta ibili eta gero, edonori ahantzi dakioke lehendakariaren izena, barkatzekoa da.
Eta komekin jolasean ibil gaitezke mugarik gabe, nahi duguna ulertu arte.
Dena dela, titularrak esaten duena ahaztuta, eta esan beharko lukeena ekarriz, esaldiak honakoaren antza hartu beharko luke: “Lehendakaria, Antonio Basagoitirekin, Euskadiko PPren presidentea, bildu da”.
Baina perpausa apur bat findu nahi izanez gero, erakunde ofizial batek idatzi beharrekoari hurrengoarenetik hurbilago egotea legokio: “Lehendakaria Antonio Basagoitirekin bildu da, Euskadiko PPren presidentea”. Eta horrela ez dago zalantzarako edo trufarako biderik.
Irekiaren asmoa irakurle euskaldunaren irudimena potentziatzea eta sustatzea baldin bada, mesedez, ez dezatela estilo liburuko hizkirik ere alda. Horrela, politika-fikzioa eta umorea irabazle aterako dira. Hori bai, erakunde ofizialaren xedea informatzea baldin bada, idatz dezatela arauei jaramon apur bat eginda.
Hala ere, ni pozik geratzen naiz, momentu onak bizi ditut Irekiaren web orria bistaratzen dudanean, eta horrek ez dauka preziorik.
Amaitzeko, eranskin lez, delituaren froga:
Nik ere ikusi nuen berria eta nire buruari galdetu nion ea ondo zegoen. Orain badakit. Eskerrik asko, Ugaitz, zorionak zure blogatik.
Zelako txorrada!