Irudiz eta adibidez osatu nahiko nizueke gaurko gaiaren gaineko disertazioa, irudi batek esandako 10.000 hitzek balio dezaketena baino nahikotxo gehiago balio duelako.
Nik ere, jakina, irekia eta argia nahi dut honako post hau. Ulergarria, arina, ulerterraza…
Hori bai, Eusko Jaurlaritzak abian jarri berri duen Irekia egitasmoak, ordea, ez du ematen helburu berberak dituenik, behintzat hartzaile euskalduna aintzat hartzen badugu.
Ba bai, kuriosoa da, gobernua irekitzeko eta ustez gardentzeko sortu dena, euskaldunok iluntasunean eta opakutasunean hondoratzen gaitu. Benetan, irakurle euskaldunok pazientziaz jantzi behar dugu, beste ezer egiteko astirik sobera izango bagenu bezala tratatzen gaituzte, asko eta askotan gaztelaniara jo behar baitugu gure hizkuntzan idatzitakoa desenkriptatzeko.
Begirada bat baino ez zaio bota behar Irekia Gobernu Irekiaren web orriari. Ez dut euskararen kalitatearen azterketa sakonik egin nahi, baina bertatik pasatzen denak berehalakoan igarriko du zerbaiten kutsua: artifizialtasuna. Ez dago eroso sentitzeko modurik web orria irakurtzean; hizkuntza, askotan, oso zehatza edo egokia ez den bezalaxe, ez da batere hurbila. Hoztasuna eta artifizialtasuna agerian geratzen dira alegia.
Egia da hori sentsazio subjektiboa baino ez dela, baina urteak dira edozer gauza irakurtzen, eta hor ez dago hurbiltasunik, ez dago hizkuntza egokirik.
Azken horren adibiderik, egokitasunarena alegia, bai jar dezaket ordea, adibidez web orrian bertan ikus daitezkeen batzuk:
- Lehendakariak “Euskadiko Ekonomia suspertzen hasi dela” baieztatzen du. Normalean baieztatzen al du hori lehendakariak? Nolako maiztasunarekin? Egia da ez litzatekeela harritzekoa izango Patxi Lopez halako pitokeriaren bat esaten entzutea egunero, baina ematen du esaldi horretan aditz denborarik egokiena “baieztatu du” litzatekeela, ezta?
- Open data, datu-publikoen irekidura: datu publikoetan sartzeko zirrikitua zabaltzen ari ez badira, badirudi irekidura hitza ez dela doiena. Eta beste alde batetik, utz dezagun alde batera aditzekin izenak sortzeko joera erdalduna, erabil ditzagun aditzak ezagutzen ditugun moduan: “datu publikoak irekitzea”.
Web orriarekin batera, Irekia hau, presente daukagu sare sozialetan ere bai, hala nola, Twitteren. Lagun batek bidalitakoekin (ESKERRIK ASKO) osatu nahi dut Gobernu berri honek enkriptaziorako daukan grina, eta hona hemen Twitter sare sozialean “Irekiak” utzitako perlatxo batzuk:
Euskarari jaramonik ez hitzaldi baten. Baina horrezaz gain… “emara”? Hori zer da? Txori espezie berria? Amara auzoko enarak?
Beste batzuk:
Orduak idazteko modu berezia, “jarraitu dezakezue”…
Esaldi potoloa: “eta baita”, “ere” lokailua amaieran ahaztuta, “behar” aditzak NOR NORK behar du…
“Bapateko itzulpenik”?? Ez al da “bat-bateko” izango? Edo “aldibereko”?
Eta lodikote bat, ea baten batek esaldiari zentzurik harrapatzen dion, hitzen baten ortografia ahaztuta:
Misterio, enkriptazio borobila. Zer esan nahi du horrek? Galderak euskaraz egin daitezkeela edo? Hala bada, eskerrak Gobernu Irekiak gure hizkuntz eskubideak aintzat hartzen dituen, bestela akabo.
Badaukat materiala jarraitzeko, baina idazki bakar baterako gehiegi izango litzateke irakurlerik sutsuenarentzat ere. Dena dela, gauzak zelan dauden, ez dut uste Eusko Jaurlaritza eta Gobernu Irekiari buruz idatziko dudan azken testua izango denik.
Laburbilduz: ongi etorriak Irekiaren kontzeptu ezkutura. Zorionak Lopez!
Kontuan hartuko dugu hori eta gai hau zuzendu eta behar bezala bideratu nahi dugu. Eskertuko genizuke, beharrezkoa dela uste baduzu, http://www.comunidadvascainnovadores.net/pg/pages/view/8427/-ra zure ekarpenak bidaliko bazenizkigu.
Agur bero bat