Elkarrizketa Isabel Celáarekin, Mrs. Probeta

Hezkuntza sistema tirabira asko sortzen dituen gaia da politikagintzan. Euskadin tirabira horiek izugarri gordintzen dira euskararen auziarekin, euskara ez politizatzeak dakarren politizazioarekin.

Gaur jakin dugu Isabel Celáak, EAEko Hezkuntza sailburua, esperimentu berria egin nahi duela hezkuntza eta eleaniztasunarekin. Berrogei bat ikastetxe hartu hemendik, hiru hizkuntza handik, probeta baten sartu, guztia ondo irabiatu, Bunsen pizgailuari eman eta ea zer ateratzen den.

Patxi Lopezen elkarrizketarekin hasi genuenaren haritik, gaurkoan Mrs. Probeta ekarri dut blog honen umorearen txokora, erantzun batzuen bila.

Ugaitz: Egun on, Celáa andrea.

Isabel Celáa: Egun on, bai, esto… zuri.

U: Nonbaitetik hasteko, urtebete pasa da PSE hauteskundeetan bigarren geratu zenetik. Ordutik hona, zer nolako balantzea egingo zenuke?

IC: Euskal gizartea, orokorrean, koskortu egin zaigu. Orain urtebete, heldugabea zen gizartea hezteko erronkari heldu genion, eta gaur egun, denak daude formal-formal.

U: Den-denak? Bosgarren solairuko auzokoak esan dit herria hankaz gora jartzen ari zaretela, tabernariak ETB ikusterik ez dagoela, lagun batek ez duela oso ondo ulertzen PP eta PSE elkarren ondoan ibiltzea, bus gidariak alaba eskolako jantokian utzi behar duela eta ez dakiela zer gertatuko den grebarekin, jubilatu batek 25 enpresari biltzen dituen batzar batetik ondorio garbirik atera daitekeen ez daukala oso garbi… eta jarrai nezake.

IC: Baina horiek eguneroko arazotxoak dira. Gainera, zu ziur basat… ejem! abertzale askorekin hitz egiten duzula, eta noski, abertzaleok ez duzue oso ondo ulertu oraindik demokraziak zelan funtzionatzen duen. Baina herriak bai.

U: Zer ulertu behar dut? Abertzaleok ez dugula hausnarketarako gaitasunik ala abertzaleok ez garela herriaren parte?

IC: (ahotsaren tinbrea igo egiten du) Cucurrucucu palomaaaaaaa… Ui! Dei bat, barkatuko didazu une batez? Polita politonoa?

U: Zer erremedio…

IC: Aja, mmmm, bai, bai…  … …  Erosi! (telefonoa poltsan gordetzen du). Nondik gindoazen? A! Bai! Gaztelania erdoiltzeko arriskuan dago gure ikasleen artean, eta hizkuntza babesteko hezkuntza-sistema egokia diseinatu beharrean gaude.

U: Hobe izango da gaian zentratzea, arrazoi duzu, bestela… Matrikulazioaren azken datuek argi eta garbi erakutsi digute gurasoen %96k eredu euskaldunen aldeko hautua egiten dutela. Ez du ematen gurasoek arriskuan ikusten dutenik euren seme-alaben gaztelania maila, ezta?

IC: Ez, gurasoek ez dute ikusten, baina gobernuak bai. Gobernuak dena ikusten du, gobernuak uneoro daki zertan zabiltzan. Atzo, iluntzeko 22:00 aldera… ez al dizu lotsarik ematen???

U: (aho bete hortz) Orwell utziko dugu momentuz, ondo baderitzozu. Datorren ikasturteari begira, 40 ikastetxetarako esperimentua proposatu duzu, xehetasun handirik gabe, baina ingelesa, euskara eta gaztelania txertatzen ditu proposamenak. Serioa al da umeekin esperimentatzea edo gobernuak sistema zehatz eta egonkorrik ez aurkeztea?

IC: Mengelek ere esperimentuak egin zituen umeekin, eta historia liburuetan agertzen da. Hori ez du edonork lortzen.

U: Ez dakit adibidea oso fina den… Saiatuko naiz galdera bestela formulatzen. Ume bat hartzen baduzu, eta bere ikasketa prozesua aztertu X urtez, emaitzak onak ez badira, zer egin ume horrekin? Nola berreskuratu denbora? Halako proposamenek ez al dituzte hausnarketa sakonagoak eta adostasun handiak behar?

IC: Baina zuk zer uste duzu? Ikusi nahi zintuzket Antonio Basagoitirekin bilera baten. A eredua, A eredua, A eredua… joe!!! Ni ere A ereduaren alde nago, CeláA da nire abizena, baina makilatu beharko dugu A eredua nola edo hala, ezta? Paper polit batekin estali, lazotxo gorriarekin lotu, eta ea gizarteak pakete-sorpresa erosten digun.

U: Nola bermatuko da euskararen maila behintzat gaztelaniakoaren parekoa izatea lortzea?

IC: Aztertzen ari gara.

U: Astean zenbat ordu emango dira hizkuntza bakoitzean?

IC: Aztertzen ari gara.

U: Zein ikastetxetan jarriko da abian egitasmoa?

IC: Aztertzen ari gara.

U: PSE hurrengo hauteskundeetara aurkeztuko al da?

IC: Aztertzen ari… eeeii! Ia ia, e? Baina ez nauzu harrapatu. Alproja…

U: Jarraituko dugu. Euskal Herriko Uniber…

IC: Euskal Herria ez da existitzen!!

U: Barkatu?

IC: tu tu tu tu tu tu tu tu tu…

U: Tira, amaitzen joango gara. Zerbait gehitu nahi duzu?

IC: Bai, nolakoa da Patxi Lopez aurrez-aurrekoan?

U: Zuk galdetzen didazu niri?

IC: Bai. Aurreko baten elkarrizketa egin zenion, ezta? Nik ez dut ia ezagutzen, beti dabil Ipodari entxufatuta, Bruce Springsteen entzuten edo argazki poseak egiten. Ez dut aukerarik izan berarekin hitz egiteko.

U: Oso pertsona berezia da.

IC: Jatorra, e? Bai, hala uste dut nik ere bai. Zer? Amaitu dugu, ezta? Laborategira itzuli behar dut.

U: Bai, bai, joan lasai.

Eta gero, gerokoak izango ditugu.

Elkarrizketa lehendakariarekin (Patxi Lopez)

Azkenaldian lehendakariari egiteko zenbait galdera izan ditut bueltaka buruan.

Atzo Espainiako Erregea eta Lopez jauna hain pozik ikusita Barakaldoko BECen, bazela garaia esan nion neure buruari, erantzun batzuk beharrezko nituela. Eta ezin izan dut luzaroago itxaron.

1. Oharra: errealitatearekin zerikusirik badu ezerk, ez da idatzi honen autorearen erantzukizunpean geratuko.

2. Oharra: euskarazko itzulpena da hau, of course.

Ugaitz: Egun on, lehendakari jauna.

Patxi Lopez: Egunonbuenosdías

U: Atzo oso umoretsu ikusi zintugun BECen, Saskibaloiko Errege Koparen finalean.

PL (Perfil Lingüístico): Baaai. Konpainiak asko laguntzen du. Juancar oso tipo majoa da, kanpetxanoa bera, badakizue. Jendea txistuka hasi zenean zelako barreak bota genituen biok.

U: Barreak?

PL: Badakizu, Euskadin oraindik, jendea domestik… ui! Estooo… tira, normalizazioa heltzen ari dela, baina apurka-apurka. Gobernu honek asko dauka egiteko.

U: Bai, horretaz ere galdetu nahi nizun. Gobernura heldu aurretik, askotan entzun izan dugu Eusko Jaurlaritzak herritarron benetako arazoei aurre egin behar ziela. Pasa den astean, oso urrun joan barik, armarrian dagoen Nafarroako kutxatila gorria kentzeaz eztabaidatu zen Legebiltzarrean. Arduratuta al dago gizartea horrekin?

PL: Nafarroa oso polita da, eta hemen alboan dago. Batzuek euskaraz hitz egiten dute eta guzti. Armarriko kateak kendu genituen behin, baina Espainiako armarrian agertzen direnez… laukitxo gorriarekin nahiko, ezta?

U: Lehendakari jauna, barkatu, baina ez didazu erantzunik eman. Hori al da jendearen arduren artean dagoen gaia?

PL: Probando, probando… – bi hatz sartzen ditu ezkerreko belarrian – esto no va… a ver, probando. Sí, ahora. Bai, barkatu, esaten didate… estooo… USTE DUT, bai, hori, uste dut normalizazioa heltzen ari dela, eta helduko dela, eta gu urrats sendoak ematen ari gara. Lehenik eta behin horixe behar dugulako, normalak izan.

U: Barkatu, baina ni normala naiz. Bueno, Marx Anaien filmak ditut gogoko, baina zertzelada lodietan, normala naiz.

PL: Eeeeez! Zuk  halakoa zarela uste duzu, adingabeak zarete oraindik, ez dakizue zer den onena zuentzat. Baina horretarako kendu diegu gobernua abertzaleei, benetako errealitatea zein den erakusteko: horiak eta gorriak zeinen ondo konbinatzen duten erakusteko, Txunda-txundaren melodiaz gozatzen irakasteko, hizkuntza unibertsalaren ontasunez janzteko…

U: Bai, hizkuntzez ere galdetu nahi nizun. Zelan doaz zure euskara klaseak?

PL: Bai, begira: I am Patxi Lopez, I am from Portugalete, but now, I live in Vitoria. Where are you from? Ondo, ezta?

U: mmmm, bai, nahiko ondo. Probetxu handia aterako diozu urtean gastatu beharreko 37.000€ horiei.

PL: Bai, oso ikasle ona izan naiz beti, ingeniaria naiz, eta hiruhilekoren baten ere aprobatu nuen baten bat. Eta tira, 37.000€ badakit huskeria dela, baina ikasketa-paketerik merkeena erosten saiatu nintzen, azken baten, ez dudalako asko behar izango behar den moduan ikasteko, lehendakaria naiz.

U: Baina oso lanpetuta ibiliko zara. Karguak ez dizu bizitza pertsonalerako ia astirik utziko, ez?

PL: Jo! Ba ez pentsa… orain gutxi Madrilen egon nintzen publizitate kanpaina bat aurkezten, eta zelako parranda!!! Kanapeak, txiki-txiki horietakoak, ardoa, txakolina… ufa!! – bi segundoko etenaldia atzamarrak ezkerreko belarrira eramanda – que no diga eso, ya, ¿que Zapatitos me va a echar la bronca? Bueno, vale. Barkatu, barkatu, kar, kar. Tira, uste dut gaizki gogoratzen dudala, lehendakari izan aurretiko jairen bat izango zen… Baina hori, esaten ari nintzaizuna, lehendakaritzak denbora eskerga kentzen dit, lan piloa, leku batetik bestera, erantzukizuna, estresa…

U: Baina hori ez da hasieran esan didazuna.

PL: Ba bukaeran esaten dizudana da, inportanteena, bertsoetan bezala, azken puntua. Ikusten al duzu zer ondo kontrolatzen dudan euskal kultura?

U: Bai jauna. Bukatzeko, Enplegu Politika Aktiboen transferentziari buruzko berririk?

PL: Zer da hori? Uste dut entzun egin dudala hortik, Rodolfitori galdetuko diot eta Iphone bidez abisatuko, ados? Jo! Zer modernoa naizen.

U: Eskertzen dizut. Zerbait gehitu nahi despedida moduan?

PL: Bai. “Koskojales, sabóreala”. Gure herrirako turismo kanpaina berria. Portugalete bisitatu.  Nik-neuk proposatu diot alkateari, lotan nengoela bururatu zitzaidan. Ona, ezta?

U: Ez dut inoiz halakorik entzun, bikaina. Eskerrik asko gurekin izateagatik.

PL: Baita zuri ere. Rodolfo, que no me hables por el pinga cuando estoy hablando porque con dos cosas a la vez…

Eta hala doa gure primum inter pares, etorri den lekutik, ahopeka hitz eginez. Elkarrizketa interesgarria, zinez.

(Noizean behin, barre egitea ere behar-beharrezko dugulako)