Matxismoa kirolean

Normalean, Espainiako kirol esparruak, gure euskal talde edo kirolariei ez dagokien heinean, ez dit aparteko interesik sortzen, ikuskizunaz gozatzetik gora ez, bederen. Baina tenisean piztu den polemikak zur eta lur utzi nau.

Honezkero ez baldin badakizue zer gertatu den, labur-laburrean esango dizuet: Espainiako Tenis Federazioak, Davis Kopan jasandako porrotaren ostean, Gala Leon izendatu du Espainiako taldeko kapitain. Gala Leon emakumea da, argitzen dut, bada ez bada ere.

Gala-Leon-en-una-imagen-de-201_54415324149_54374916805_576_694
Gala Leon

Hortik aurrera, tenislari, kazetari eta entrenatzaile batzuek botatako iruzkinek Torrente bera ere gorrituko luketelakoan nago. Antza, denbora luzea ematen dute jokalariek aldagela barruan, eta hango giroa hain da berezia, hain da pribatua, eta hain da garrantzitsua jokorako, ezen emakume entrenatzaile/kapitain batek zapuztuko lukeela Nirvana hori eta hankaz gora jarriko guztia. Berdin dio zer prestakuntza duen emakume horrek, berdin dio nolako karisma edo nolako egokitzeko gaitasuna, emakumea da eta ez diote hori barkatzen.

Eta gauzak alderantziz gertatzen direnean? Non daude aldagelako giroaren argudioa eta antzekoak? Hartuko ditugu, adibidez, saskibaloia edo futbola: zenbat entrenatzaile gizonezko dago emakumeen taldeetan? Eta ez elitean bakarrik, nork entrenatzen du zuen alabaren futbol, saskibaloi, eskubaloi, waterpolo edo bestelako kirol taldea? Kasuren baten emakume batek agian, baina gehienetan?

Ba hemendik, txoko apal honetatik, txalotu nahiko nuke Espainiako Tenis Federazioak hartutako erabakia. Ez dakit emaitza onik izango duten kirolari soilik dagokionez, baina emakumeen parekidetasunerako borrokan, halako erabaki ausartek (bai, ausartak dira oraindik, zoritxarrez) begien bistan jartzen digute emakumeak ere badirela gai gizonezkoenak izan diren edo diren arloetan burua adorez sartzeko eta oztopoen gainetik gailentzeko. Eredu dira, ez bakarrik emakume guztientzat, baita gizonontzat ere.

Eta Gallardonek dimititu du. Zer ondo!

Azken orduko eguneraketa: [Enlace roto.] bikiniz jantzita jolasteari uko egin zieten euskal eskubaloi jokalariei. Albisteak pilatzen zaizkigu arlo berberaren inguruan.

2 thoughts on “Matxismoa kirolean”

  1. ….aiiiiins!
    ¿y a ti qué coño, valga la redundancia, te importa la Selección española salao?

    ji ji ji

  2. Idatzitakoa ulertzen ez duenak, mesedez, ez dezala iruzkinik egin.

    Eskerrik asko.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *