Benetan diotsuet, zinez, oso zaila da egun bateko atsedena hartzea eta blogean ezer ez idaztea. Gaiak pilatu egiten dira mahai gainean, posta elektronikoan, sare sozialetan…
Hala ere, Blanca Urgellentzat, EAEko Kultura sailburua, ez dago ezer. Tira, bai, zerbait badago, bat eta bakarra, txiste txarra egiteko baimena eskatu barik, urgellte edo larria den gaia, letra larriz: indarkeria, ETA.
Ez dut zertan nire kontzientzia zuritu inoren aurrean, baina argi gera dadila irakurtzen jarraitu aurretik: ETA sobera dago herri honetan eta edonon. Nik ez dut su-etenik nahi, nik armak sumendi batera bota ditzatela aholkatzen diet, eta diru beltza Gobernuz Kanpoko Erakunde bati ematea.
Argibidea eman ostean, zer uste du Kultura sailburuak? Herritarrok aldaketaren anestesiarekin lokartuta gaudela? Picassoren Guernica Euskadira ekartzearekin adarra jo digu Urgellek. Eskaera hori gutxietsi du sailburuak oso argudio xelebrearekin: [Enlace roto.], eta nola ez, garrantzitsuagoa den hori ETArekin amaitzea da.
Ez diot arrazoia ukatuko sailburuari, egia da, ETA gure bizitzetatik ateratzea Guernica Euskadira ekartzea baino garrantzitsuagoa da, erabat, ados. ETA ZER? Zer demontre esan nahi digu horrekin? Ezin dela ezer ere egin ETAren zama bizkar gainean daukagun bitartean?
Krisiaren kontrako neurri doiagoak eta eraginkorragoak eskatzen ditugula? Ez, gai garrantzitsuagoak dauzkagu mahai gainean.
Jantokietako begiraleek hamaika greba antolatzen dituztela? Hori ez da garrantzitsuena.
Urdaibaiko zonaldea berpiztu beharra dagoela? Tira, laaaaaaasai, oraindik ez dugu ETArekin amaitu, eta bertoko biztanleek itsasoko arrainak jan ditzakete, ezta?
Euskal Telebista Publikoaren gainbeherarako balaztarik ez daukagula? Bai, beno, beste telebista kate batzuk daude… eta Espainiako informatiboak dauzkagu, salbu gaude.
Patxi Lopezek ez diela erantzun onargarririk ematen herritarrek planteatzen dizkioten galderei? Barkatzekoa da, zelan ez, burua bakegintza prozesuan murgilduta dauka (ea itotzen ez zaigun, kontuz).
Azken baten, herria PAUSE egoeran daukagu. Ez aurrera, ez atzera, inportanteenak eta bakarrak betetzen ditu agendak, eta herri honek, bien bitartean, ez du ezertarako eskubiderik.
Hau miseria!