Gaur egun politikoki zuzena zer den eta benetan pentsatzen denaren arteko mugak ez daude hain garbi. Politikan, edozein arlotan baino gehiago agian, esaten dena tentu handiz zaindu beharra dago.
Baina antza, politikan aritzeko modu berriak jarri dira modan. Irribarretsu eta hizkuntza hurbila erabiliz, gaztelaniaz “buenrollismo” izena har dezakeena, edozer gauza esateko lizentzia erosita daukagula dirudi.
Ezinezkoa da pertsona bakoitzaren buru barruan nabigatzea eta benetan zer pentsatzen duen asmatzea, baina argi dago ezin dugula beti lasaitasun osoz esan pentsatzen duguna.
Antonio Basagoitiren ahozko beherakoa larria da oso. Bere azken adierazpenak ezkutuan pasatu dira gaurko prentsako [Enlace roto.] bateko azken paragrafoetatik, baina nire alarma guztiak biztu egin dira: “EAJ beti jarri da terrorismoaren kontra eraginkorra izan den ororen aurka”. To! Hori da gibel-handia izatea!
Esan duena benetan pentsatu egiten badu, salaketa garbia da, terrorismoarekiko elkar-hartzea, sustapena. Bihoa epaitegietara. Baina epaitegietara salaketa jartzera joango ez balitz, eta barkamenik eskatuko ez balu, ondo baino hobeto dakit nork jarri beharko lukeen salaketa, EAJk hain zuzen ere, irain garbia baita. Eta iraina da ez bakarrik alderdi politiko horrentzat, iraina luzagarria da abertzale asko eta askorentzat, terrorismoaren kontrako jarrera garbia daukagun eta erakutsi dugun abertzaleontzat.
Ez da onargarria. Nik ez dut horrelako politikaririk nahi, horrek ez baitu elkar ulertzerako jarrerarik erakusten, horrek erakusten duena da harropuzkeria eta garbizalekeria morala, edonor eta edozeren gainetik nola edo hala gailendu nahia, edo gainetik sentitzea.
Basagoiti jauna, ¡váyase!