Aipa ditzagun, hasteko, azken egunotako egia eztabaidaezin batzuk:
1. Inoiz baino hori-gorri gehiago ikusi ditugu gure inguruan.
2. Jende asko kalera atera da ez bakarrik kirol garaipen bat ospatzera, baita euren espainiartasuna aldarrikatzera ere.
3. Frogatuta geratu da kirola ez dela kirola bakarrik, Espainiatik askotan entzuten den “ez nahastu kirola politikarekin” konatua lokatzean utziz.
Beste alde batetik egia horien maila berean koka ditzakegun beste baieztapen batzuk dauzkagu:
1. Aldarrikapen hori-gorri horiek egin dituztenak ez dira gehiengoa izan, ezta hurrik ere.
2. Estatuko komunikabideek euren tesiak berrindartzeko erabili dute Euskadin kalera atera den gutxiengo hori. Euskadi ere gorriarekin dago, hau da, Espainiarekin.
3. Bagenekien Euskadin bizi direnen zati handi batek Espainian kokatzen duela bere bihotza, hauteskundez hauteskunde islatzen da hori. Zer berri ekarri digu Mundialak errealitate politikoari begira? Bat ez.
Eta egia horiek azalarazita, gogoetarako gaiak, galderak, esaldiak… baino ez zaizkigu geratzen:
1. Zer dugu nahiago? Nork bere sentimenduak plazaratzeko askatasuna sentitzen duen herria ala beldurra arnasten duena?
2. Nola eraikitzen da gizabanakoaren identitatea? Ez al da unean-uneko garaipenetik harago doan zerbait?
3. Erakargarritasunik galdu al dute Euskadirekin soilik lotzen gaituzten ikurrek? Ikurrina, euskara…
4. Euskadik ez al du bere garaipenak “saltzeko” ahalmenik? Nola berrindartu?
Bukatzeko baina, azken egunotan bueltaka izan dudana. Berrogei urteko diktadurak “xarma” kendu zion Espainia gogora zekarren orori. Horrenbeste urtetan bizitzen ari garen terrorismoak edo terrorismoaren mehatxuak ez al du gauza bera egin Euskadi gogora dakarren ororekin belaunaldi berrientzat?
Indarkeriak eta terrorismoak gure herriari egiten dioten kaltea eta egin diezaioketen kaltea ez da bakarrik begiekin ikusten dugunarekin neurtzen.
Dena dela, ez dezagun itxaropenik gal: izan gara, bagara eta izango gara, ez izan zalantzarik.
Zeozer txarto egiten ari dala argi dago. Behin agure bategaz berba egiten esan eustan egon zala garai bat non jendea ezin zuen euskeraz berba egin eta hainbat pertsona inoiz ezin izan eben euskera ikasi; kontrara garai horretan euskal sentimendua gizartean oso sendoa zan. Gaur egun jende gehiagok daki euskera baina euskal sentimendua desagertzen joan da.
Lanegiteko garaia da. Euskal nortasuna garatzeko garaia.Horretan alderdiak lan handia daukie.
Ez dakit, horiek eduki ditzakegun sentsazioak baino ez dira. Agian ez daukagu datu fidagarririk orduko eta gaurko euskal sentimenduak konparatzeko, eta baliteke modu desberdinean bizi izana aspaldiko sentimendu hori gaurkoarekin erkatuz gero.
Azken baten baina, lana bere horretan daukagu eta aurrera jarraitu beharrean gaude.
Mila esker zure iritziagatik lagun.
Zoritxarrez eztira sentsazioak soilik. Irakaslea naz eta egunero ikusten da umeengan eta euren gurasoengan aipatutako euskal gabezi horeek. Baliteke zeure inguruan begiratuta ere nabarmen izatea hori ere. Zenbat gazte ari dira gaur egun politikan euskal helburu horren bila? eztot esaten bizimodu baten bila, baizik eta benetan gizartea aldatzeko nahiean.
Baina tira norberagandik hasi behar da eta ikusiko dogu norarte heltzen garen.
Mila esker berriro parte hartzeagatik, lehenik eta behin.
Zure hausnarketari honakoa gehitzen diot: zenbat gazte dabil, orokorrean, politikan?
“Dena dela, ez dezagun itxaropenik gal: izan gara, bagara eta izango gara, ez izan zalantzarik.”.
ba… nik zalantza asko ditut honen inguruan. Ez dut uste izanGO garenik hemendik aurrera, abertzaleak izanik ezer egin ez dugunean honen kontra, gurea dena errebindikatuz.
Gure aiton amomek kalera irtetzen ziren halakoak ekiditeko, euren bizia ere arriskuan egonda.Guk zer egin/egiten dugu? EZER ERE EZ.Etxeko sofan eserita jarraitu, espainiarrak Euskadin gero eta gehiago direla ikusten, lasai lasai, eta gure haserrea blog honen antzeko beste askotan islatzen.
Horrela ez goaz inora.
Egoera politikoa, zorionez esango dut oraingoan, ez zen ezta antzekoa ere, e?
Ez dira konparagarriak, nork bere sasoia bizi du eta ez zaitzala sasoiak zu bizi. Argi dago lana daukagula, baina noiz ez dugu eduki? Latzagoak bizi izan ditugu eta arazoei aurre egin eta gero, atera egin gara.
Ez daukagu arazoei aurre egiteko modu bera, baina arazoak ere aldatu egin zaizkigu apur bat.
Dena den, milesker zure hausnarketa plazaratzeagatik 😉