Bai, barkamena eskatu behar diot Irekiari post hau idatzi baino lehen. Askotan dut hizpide Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Irekia egitasmoa, baina jo! Horrenbeste material eskaintzen didate, eta ez dago modurik. Gutxienez, gauzak behar den modura egiteko interesik txikiena erakutsiko balute…
Ai! Zein gaizki sentitzen naizen, ez ditut Irekiako langile gizajoak mindu nahi, baina begira gaurkoan zerekin topo egin dudan (sakatu irudian iturria bistaratu nahi baduzue):
Horra! Eta ez da gure Olentzero. Tristea benetan blog honetan beste batzuetan salatu ditugun arrazoiengatik.
Alde batetik, hor duzuen hori euskarazko bertsioa da. Ez, ez duzue zertan berriro ikusi, ondo antzeman diozue, gaztelania hutsean dago, hori bai, “itzultze prozesuan” (sic). Nekatzen hasia nago euskaldunok jasan behar dugun zama hori errefuxatzen. Euskaldunok ez dugu ezer pintatzen, ez gaituzte kontuan hartzen, eta azkenak izan behar dugu informazioa gure hizkuntzan jasotzen. Eta hori guztia, erakunde publiko batek baimenduta.
Eta bestetik, garbi geratzen da ostera ere Eusko Jaurlaritzak zertarako erabiltzen duen “Gobernu Irekia”: autobonbo eta propagandarako. Lotsagarri.
Bertan ez da azaltzen Patxi Lopezek zein egitasmo duen buruan, bere kudeaketa zertan den, edo zein izan diren hartutako azken erabakiak, ez. Esteka horretan oposizioa egiten zaio nori eta oposizioari berari. Zoratzekoa!
Erabiltzen diren hitzek ere asmo garbi bat erakusten dute: “ofensiva del PNV” (euskarazkorik ez daukagu). Kalifikatzen dute alderdi baten jokabide eta jardunbidea, ez dute objektibotasunez informatzen.
Lotsagarria eta penagarria da gobernuaren tresnak horretarako erabiltzea, baina nik ondorio itxaropentsua ateratzen dut: Lopez ez da gai, eta ez Hizkuntz Eskakizuna gainditu ez duelako, ez. Ez da gai horrela, orokorrean, eta besteen beharra dauka bere irudia zuritzeko.
Poztekoa da gobernuaren lana estimatzen ari ez garenontzat, baina arduratzekoa da herritar guztientzat. Noren (nortzuen) eskuetan gaude?
Ulertzekoa zure haserrea, Ugaitz, baina ez daukazu zertan hain urrutira joan beharrik. Duela urte dezente, Deia sortu zenean, “prentsa idatzian euskara hutsezko hedabide izateko bokazioarekin jaiotako egunkari elebiduna” sortu zela entzun genuen behin eta berriz. Urteak igarota begira non gauden, eta nola tratatzen (baztertzen) gaituen Deiak.
Begira EAJ, begira Azkuna eta euskara ikasteari uko egiten dioten buruzagi jeltzaleen zerrenda. Lopez behintzat, ikasten ari da. Eta bai, zurikeriagatik izango da, edo itxurak egiteko, edo nahi duzunagatik, baina maila horretan badugu etxean zer kritikatu.
Objektibotasunez informatzea diozu, autobonboa dela hau eta bestea. Foru aldundietako guneetan ez zinen sartuko… Hau marka! Zozoak beleari ipurbeltz! Eta zer esanik ez, berriz ere, Deiari buruz; “La izquierda radical intenta que su campaña para liberar a Otegi no agravie a otros presos”, zerbait erakustearren… Zure idatziak ere, iritzia adierazten duten blogen uretako izanda ere, ez dira egitate arras objektiboetatik abiatzen askotan. Euskal selekzioaren artikulua errepasatu, edo ez, nhikoa pasatu baitzinen.
Eta euskararekin eta Deiarekin bukatzeko, ez legoke gaizki, Deian ere, “Deia euskaraz” atalaz aparte, beste web gune askotan agertzen den bezala, gutxienez, gutxien-gutxienez, gunea irakurtzeko “euskaraz” esteka bat egotea; bertan klikatuta, “itzultze prozesuan” esaten duen koadro bat aterata ere.
Ondo izan!
Argibide batzuk, Mañu:
– Ezin da berdin neurtu komunikabide pribatuek eta publikoek egiten dutena.
– “badugu etxean zer kritikatu” diozunean, EAJkide bezala hitz egiten duzu? Eta diozunaren ildotik, argi dago, edonon dago zer hobetu, baina leku batzuetan besteetan baino askozaz gehiago.
-Nire bloga nire iritzia emateko dago, jakina, eta errealitateari hamaika ikuspuntu ezberdinetatik so egin dakioke. Ez dut uste inon pasatu naizenik iritzia emateagatik, baina prest nago inork begiak zabal diezazkidan.
Hori bai, milesker bloga jarraitzeagatik eta parte hartzeagatik.