Patxi Lopez buru belarri aritu da gaur bere diskurtsoarekin Legebiltzarrean. Ohiko “bla, bla, bla” hutsalaz aparte, gauza batek deitu dit arreta ikaragarri. Irekiak honela jasotzen zuen bere Twitter kontuan:
Horiexek lehendakariaren hitzak, eta hitz horiek, bi gezur estaltzen dituzte. Alde batetik, ez da egia Ezker Abertzalea legala denik. Sortu alderdiaren kasua oraindik ez da argitu, eta argitu bitartean, ilegala da Ezker Abertzalearen alderdi hori. Gainera, egon badago zerrendetan aurkeztu ezin diren Ezker Abertzaleko kide asko, zerrenda horiek “kutsatzen” dituztelakoan. Hortaz, legaltasuna azpimarratzea, hori guztia Bilduren legaltasunaren azpian estaltzea da, eta gogora dezagun, gaur egun, Bildu beste bi alderdik osatzen dutela: Eusko Alkartasuna eta Alternatiba.
Beste alde batetik, demokrazia eta zuzenbide estatua gailendu direla esan du Lopezek. Hori orain onartzea, bada azken urteotan demokraziak eta zuzenbide estatuak funtzionatu ez dutela esatearen pareko, baina are gehiago, Sortu legez kanpo dagoen bitartean ere, ez dago baieztapen hori inondik inora hartzerik. Gainera, jakin badakigu, Bildu legeztatzea Zapatero eta Iñigo Urkulluren arteko berbaldi eta negoziaketen ondorioz gertatu zela, eta horiei esker, Espainiako demokrazia eta botereen banaketa airean utziz.
Ez dakit zein den Lopezen jokoa, baina argi dago egia esatea ez dela bere planen barruan sartzen. Orduan, presoak hurbiltzearen aldeko jarrera adierazi duenean, zer esan du? Egia ala gezurra?