EiTBrentzat Iparralden ez dago euskaldunik, argi eta garbi.
Baieztapen hori ez da edonondik ateratako ondorio interesatua, eta egia esan, ez dut hausnarketa sakonik egin behar izan konklusio horretara iristeko, ez horixe. Askoz errazagoa izan da dena.
Twitter sare sozialeko berriak jarraitzen ari nintzela, EiTBiparralderen txioa heldu zitzaidan, hau da, EiTBk Iparraldeko berriak emateko duen kontutik mezua heldu zitzaidan. Mezua frantses hutsean zegoen. Neure buruari esan nion, tira, betikoa izango da, 140 karaktereak itzultzen ibiliko dira… eta ez, ez zitzaidan euskarazko “txiorik” heltzen.
Aztoratuta, ulertu ezinik eta ezin sinetsi nenbilela, “EiTBiparralde” horren kontuan sakatu nuen, informazioa eskuratzeko asmoz, eta zoritxarrez, datorrena begiztatu behar izan nuen:
Den-dena frantsesez, berririk ez euskaraz edo eskuaraz.
Hala ere, aukera berria eman nahi izan nion EiTBri, Twitterekoa salbuespena izan zitekeelakoan. Esperantza horrek bultzatuta EiTBren web orrian sartu nintzen azterketa txikitxo bat egitera.
Hasteko, euskara eta gaztelaniazko bertsioak berdinak dira edukietan. Oro har (erabat ez esatearren) Hegoaldeko berriak daude irakurgai, eta ez dago Iparraldekoak hautatzeko modurik.
Baina… o! sorpresa! Frantsesezko bertsioan sartuz gero, edukiak zeharo aldatzen dira, eta bilatzen ari ginen Iparraldeko informazioa agertzen zaigu. Jakina, informazio hori euskaraz irakurtzeko modurik ez dago, inondik inora.
Penagarria da, baina esandakoak esan eta gero, zelan esan genezake EiTBk aintzat hartzen dituela Frantziar Estatuko errealitate administratiboan bizi diren euskaldunak? Ez dago modurik.
EiTBk bere kuota folklorikoa betetzen du Iparraldeko berriren bat nola edo hala emanda, baina EiTBrentzat, Iparralden ez dago euskaldunik, edo okerrago, Iparralden bizi diren euskaldunek ez dute euskaldunak izateko eskubiderik.