Brankatik

Iraganaren oihartzunak lezio.

Orainaren hauspoa sendo.

Geroaren dantza amets.

Ibaiadarrek ibaia jotzen duten puntuan, urak nahasi,  itsasorako bidea hasten.

Ibilbidearen gazi-gezak gozatzen, pairatzen, ikasten, ahazten, oroitzen…  itsasertzerantz beti.

Handitasuna xede.

Arrotzeak anekdota.

Barealdia iraunkor.

Mareak ilargira begira, gora eta behera noiz egin zain, nola egin zain.

Eta zuek Selene adi, babesle, uren kulunka xumetzen.


(Zuentzat lagunok, ibilbide zoriontsua izan)

Irekiarentzako erantzun irekia

Benetan, hasiera-hasieratik garbi gera dadila Gobernu Irekiaren ideia ez dudala batere begi txarrez ikusten, betiere ez bada pertsona bakar baten propagandarako erabiltzen behintzat. Baina hori beste gai bat zabaltzeko izango litzateke, eta gaurkoan ez natorkizue Irekiaren erabilera pertsonalistaz edo alderdikoiaz hitz egitera.

Bloga jarraitzen hasi bazarete, atzoko idatzian, Irekia Gobierno Abiertok euskara zelan darabilen salatu nuen, edo pixka bat agerian utzi bederen. Bada, Irekia egitasmoan lanean dabiltzanek iruzkina utzi zidaten, honako hau alegia:

Kontuan hartuko dugu hori eta gai hau zuzendu eta behar bezala bideratu nahi dugu. Eskertuko genizuke, beharrezkoa dela uste baduzu, http://www.comunidadvascainnovadores.net/pg/pages/view/8427/-ra zure ekarpenak bidaliko bazenizkigu. Agur bero bat

Tira ba, erantzunak mamia dauka, eta uste dut merezi duela horri garrantzia pittin bat emateak.

Lehenik eta behin, erantzunean atxikitutako “URL” edo esteka horrek ez du batere aintzat hartzen gure hizkuntza, lehenengo inpresiotik hasteko.

Bigarrenez, estekari jarraituta, honako honekin topo egiten dugu, edo hala gertatu zait niri:

Irekiak euskara bultzatu egiten duela dioen esaldiarekin bat, gaztelania hutsean dauden datuak agertzen dira ezkerreko zutabean, eta testu nagusiari erreparatuta, euskaraz (omen) dagoena, akats eta molde artifizialak aurkitzen ditugu: “modu normalizatuan”, “hainbat kolektiboaren”, “zeren saihesten baita”, “elkarrizketatzeko dutena ahalmen babesten da”, “geratu ez dadin”, e.a.

Horrez gain, ezin ahaztu idazkera artifizial hori, batere hurbiltasunik ez duena. Zergatik errepikatu gaztelaniaren moldea perpaus inpertsonalak erabilita behin eta berriro?

Gainera, gaur bertan, Irekiaren Twitter bidez heldu zait hitzaldi baten iragarkia. Honatx:

Egin dezagun akatsen zerrenda “txiki” bat, larrienak edo, hobetzeko beste batzuk ere badaudelako:

  • Hilaren izena (otsaila) letra larriz dago.
  • Lakuan ez al dago “ekitaldi-aretorik”? Salón de actos ez zait euskaraz oso erabaki zuzena iruditzen.
  • Badirudi baita ere, orain “Gobierno Vasco” esan behar dugula euskaraz.
  • Berriro ere, orduekin arazoak: “15:00etik 16:45etara”? Hori ez da orduak idazteko modua.
  • “Izena eman dezakazu hermen“. Tira, argi ikusten da.

Baina larriena zer da? Larriena Irekiak atzo emandako erantzuna bera izan zen. Zergatik?

  • Erantzunean inbertitzen dutelako, hau da, irudian, eta ez euskaraz diskurtso egokia eraikitzen. Irekiaz esaten denak dauzka arduratuta, eta ez ordea, Irekian euskaraz esaten denak.
  • Planteatzen nituen arazoei ez diete erantzun zuzenik ematen.
  • Berriro diot, ados nago “kolaborazioarekin” orokorrean, baita Gobernu Irekiarekin. Baina Gobernuak bere lana egin behar du, ez diogu besteok lana egin behar. Gobernuan lan egiten dutenak erabakiak hartzeko daude bertan, eta erabaki zuzenenak ahal izanez gero. Proposamenek beste ildo bat jarraitu beharko lukete, eta ez beste batzuei dagokien lana egin edo zuzentzearena.

Adibideekin bukatzeko, ez du merezi Eusko Jaurlaritzako lan hizkuntza zein den aztertzeak, hori bai, hurrengoa bezalako mezuak ikusi behar izana onartezina iruditzen zait:

Itzultze prozesuan dagoela? Mesedez!! Hori da euskararen alde egiteko modua? Euskal irakurlea zamatzea? Azkenak izan behar al dugu informazioa irakurtzen? Hori bai, hori errespetu falta galanta da, eta berriro erabiliko dut hitza, ONARTEZINA guztion gobernua izan nahi duen horretatik etorrita.

Eta Eusko Jaurlaritzarentzako aholkuz mozorrotutako inpresio batekin amaitu nahi dut gaurkoa: hobe lukete Internet bidezko zainketa gailu edo tresnetan gutxiago gastatuko balute, eta apur bat gehiago gastatu diskurtso egoki eta zuzena eraikitzen.