Sozialisten kea, gizartearen eztula

Oporretatik bueltatzea da lanik gogorrena, eta are gogorrago egiten da halako sen masokista ezkutuak jotzen gaituenean. Sen horren tranpan erori eta PSE-EEren web orrian sartzea erabaki nuen atzo (euskarazko atalean, noski). Ba berehala damutu zitzaidan…

Hauek denak portadako gaiak dira (irudia ikusi eta ondoko testua irakurri):

Nork jartzen du noranzko bateko sentimendu nazionala langabeziaren kontrako borrokaren aurretik? EAJk? Kopeta behar da PPSOE koaliziotik hori esateko, eta azken datuak ikusita gainera: “Langabezia % 7,48 hazi da EAEn eta % 16,76 Nafarroan”

PSEk zer leporatzen diola PPri? Terrorismoaren aurkako politika? Baina Basagoiti eta Lopez ez al zeuden oinarrizko gaietan ados? Lotsagarria da euskal gobernuan dauden alderdi biek ikuskizun tamalgarri hau ematea: etsaiak, eta hala ere, lagunak? Nork sinesten du hori dagoeneko?

“Radical”, euskaraz muturrekoa. Espainiatik urrun dauden proiektu politikoak muturrekoak dira? Espainiara gero eta gehiago hurbiltzen gaituztenak ez, ordea. Ba, azken urteotan, frogatuta geratu da zer nolako zama suposatzen duen Espainiak Euskadiko ekonomian; kultura, hizkuntza… ez aipatzearren. Hortaz, zer da muturrekoa izatea? Kaltetzen gaituena sutsu defendatzea, ez da hala?

Hori da PSEk saldu nahi diona euskal gizarteari: KEA. Hutsalak dira planteamenduak, sinesgarritasun bakoak. Azken irudiarekin, agian, hobeto uler daiteke esan nahi dudana:

Eta ikusi [Enlace roto.] langabeziaren azken datuak Espainian.

“Vive la Republique”

Ez dut azterketa historiko sakonik egin nahi, ez dut Errepublika bezalako sistema politikoaren iruzkin teknikorik egin nahi, ez dut sentsibilitaterik mindu nahi…

Gaur Espainiako II. Errepublikaren eguna da, hori ospatzen dute batzuek. ETA ZER? Ni euskalduna naiz, nik ezer ospatzekotan Euskal Errepublikaren eguna ospatu nahi nuke, nahiz eta Eibarren jarri zen Errepublikaren lehen bandera hori.

Eibar, 1931ko apirilaren 14an

Azkenean, aro berri hauetan, nagusi diren komunikabideek, errepikatzearen poderioz, ideiak barneratzen dituzte gizartean: pertsonaia publiko famatuak espainiarrak dira, kirolari onenak espainiarrak dira… eta Errepublikaren ideia idealizatua ere sartzen saiatzen dira.

Egia izan daiteke Errepublika demokraziaren lehen urratsak eman zituen sistema politikoa izan zela, eta nolabaiteko irekiera egon zela euskaldunekiko. Agirre lehendakariaren garaia zen hura, eta Estatutuaren proiektuan Nafarroa sartzea ere aurreikusten zen.

Azken baten, eta edonola ere, Espainia da eta zen hori, eta euskaldun asko, Euskadi edo Euskal Herria osatzen dugunon zati handi eta zabal batek bestelako antolamendu politikoa ospatuko genuke gustura, biba eta txaloka.

Bitartean, Francok aukeratutako erregea da estatuburu, Oroimen Historikoaren Legea zakurraren putza da, eta diktaduran izan ziren kriminalak epaitegietatik pasatu barik daude (Alemania edo Hegoafrikan ez bezala).

Ez jaun-andreok, begietatik sartu eta konturatu barik prozesatzen dugun informazio guztia ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.  Hinduen ahozko tradizioak ondo diosku, “zuhaitzek ez diezazutela basoa ikustea eragotzi”.

Sare sozialetan irakurri dudanarekin amaitu nahi nuke gaurkoa:

Espainiak bere Errepublikaren eguna ospatzen duen honetan, guk gurea ospatu nahi genuke, baina…

“Agian, inoiz izango gara.
Agian inon izango gara.
Agian, herri izango gara.
Agian, bihar izango gara irri.” (Mikel Urdangarin. Bihar)

“Multiusos” Pastor, isilik hobeto

Jose Antonio “multiusos” Pastorrek (legebiltzarkidea, PSEren bozeramailea, Bizkaiko sozialisten idazkari nagusia, Bizkaiko batzar nagusietako ahalduna, Bizkaiko Ahaldun Nagusia izateko hautagaia…) nire onetik ateratzen nau, bai. Gaurkoan euskara eta EAJren jarrerari buruzko [Enlace roto.] azaldu zaigu, El País egunkarian hain zuzen ere. Hainbeste erantzukizunekin, harrigarria iruditzen zait euskarari buruzko artikulua idazteko astirik ere ateratzea. Dena dela, hortxe dago, sarean, eta iruzkinik edo hausnarketarik ere merezi du, mamia (eta mamua) baitauka.

Aiba! Dena gaztelaniaz!
Aiba! Dena gaztelaniaz!

PSEk egin duen euskararen defentsa aldarrikatzen du, baina subjektu pasibo gisa azken baten: antza, PSE gakoa izan da aurretik ez delako EAJren hizkuntz politiken kontra jarri. Baina PSEk zer egin du euskararen alde? Bihoa zerrenda txiki-txiki bat:

1. Lehendakaria erdalduna da.

2. Ahaldun Nagusi izateko hautagaiak erdaldunak dira.

3. Nafarroan ez du UPNren kontra egin hizkuntz politikan.

4. PSEren ezein eskuorri, web orri, blog eta abarri erreparatzen badiegu, %90 gaztelania hutsez direla antzeman dezakegu, eta euskaraz dagoen apurrean, akats galantak bereiz daitezke.

5. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak legebiltzarrean bere txostena euskaraz aurkeztu zuenean, bazterkeria egiten ari zirela salatu zuen PSEko legebiltzarkide den Aitor Casado “gazteak”.

6. Instituzionalak diren agerraldi edo komunikabideetan ere, euskara bazterrean geratzen ez bada, eskandaluzkoa da gure hizkuntza nola erabiltzen den.

Eta zerrenda amaigabea da, baina idazkia osorik irakurtzea estimatuko nizuekenez, ez dut gehiago luzatuko.

Laburbilduz, oso ondorio garbia ateratzen dut nik Pastorren artikulua irakurri eta gero: EAJri euskara lehia politikorako erabiltzea leporatu nahi omen dio idazkiarekin, baina azkenean, euskara bera sartzen du saltsa horretan, eta euskararen defentsa egitea, garbia eta agerikoa, PSEren hizkuntz politika salatuz, erdaldunen kontra egitea da. Hortaz, Pastorrek ez du pluraltasunaren edo euskararen defentsarik egiten, ezta gutxiagorik ere, mezua gardena da: “utz gaitzazue erdaldunok bakean, euskaldun madarikatuok!”.

Iparraldearen egunsentia

Ba bai, Ipar Euskal Herria existitzen da, eta euskaldunez lepo dago. Egia da abertzaletasunak oraindik bide luzea duela Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan, baina pausuz-pausu zubi sendoa eraikitzen ari gara Hegoaldea eta Iparraldearen artean.

Gaur, hauteskunde kantonaletan buru belarri sartuta daudela, EAJko hautagaia den Jean Telletxeari Berria egunkariak eginiko elkarrizketa irakurri dut.  Bertan, oso hausnarketa interesgarriak uzten dizkigu Baionako zerrendaburuak, baina nere ustez, garrantzitsuena da behingoagatik bada ere, alderdi abertzale batek zein gizarte klasetan aurkezten den ondo antzeman duela, apurka hazten joateko.

Garbi hitz egiten du Telletxeak, euskalduntasuna beste era batera bizi dute mugatik haratago, eta onartzen du, “Gaur egun, abertzalea naizela diodanean, Baionakoek ez naute ulertzen”. Premisa horretatik abiatuta, eguneroko ardurei heldu nahi die EAJk Iparralden, apurka-apurka herritarrak abertzaletasunarekin lotzeko: “Abertzaleen alde bozkatzen ez duten %90ak ditut begi bistan”.

Telletxea ezkerrean.

Kudeaketa da oinarria, eta handik aurrera, herria eraiki. Hortaz, gainerako alderdi abertzaleekin koalizioan joatea ez du begi onez ikusten, EAJk bere proiektua baitauka, bere bidea jorratu nahi du, eta herritarrak bere proiektura bildu proposamen zehatz eta desberdinduarekin.

Herritarrak ondo bereizi behar du bere hautu politikoa. Iparralden ere abertzaleen eskaintza plurala bada, hauteslegoari hobeto egokituko zaio, eta agian, bide horretatik, zenbait pausu aurrera eman ahal izango dira Iparralderako proiektu komunean: euskararen ofizialtasuna, Euskal departamendua, e.a.

Aitzina beti.

PPSOE eta Alerdien Legearen “mierda” handia

Lasai, baliabide literarioa baino ez da izenburukoa, irakurtzen jarrai dezakezue zikintzeko inolako beldur barik.

Alderdien Legea eta Sorturen legalizazioaren gaiari bueltaka nabilkio azken egunotan, ez baitut mierdarik (merde, Iparraldekoentzat) ulertzen.

Gerta liteke ere nire ulertzeko gaitasuna mierda handi bat izatea, baina Alderdien Legea eta legalizazioaren kasuaren mierdaren hipotesitik abiatuko dut nire iruzkina, ahal den neurrian arrazoituz.

Ea ba, lehen urratsean, PPk eta PSOEk Alderdien Legea onartu zuten Batasuna legez kanpo uzteko terrorismoarekin lotuta daudelako, eta mundu horrekin ez dutelako garbi apurtzen.

Lehen urrats horretatik Batasuna eta Ezker Abertzalearen hainbat ilegalizazio dator. Tartean, antzeman egiten dira PSOEren gobernuaren keinu batzuk: EHAK Eusko Legebiltzarrean sartzea, udal hauteskundeetan ezker abertzalearen zerrenda batzuk bakarrik baliozkotu (ia-ia AHTren ibilbidean dauden udalerriak, kasualitatez).

Garai hartan, Ezker Abertzaleak terrorismoa eta indarkeria garbi salatu behar zituela esaten zen, hori zela baldintza joko demokratikoan berriz ere sar zitezen.

Bada momentua heldu eta Ezker Abertzaleak Sortu sortu (barkatu errepikatzea) zuen, gaitzespen eta guzti, garbi, estatutuetan. Momentu horretan, baldintzak aldatu egin ziren, eta hasi ziren esaten Batasunaren ondorengo garbia zela (buru pentsakor galantak), eta jakina, horrek ezeztatu egiten  zuela alderdiaren legezkotasuna. Bazirudien, hortaz, indarkeria gaitzestearekin ez zela nahiko.

Baina azkenik, eta Sortuk zenbat eta garbiago hitz egin indarkeriaren gainean, beste baldintza bat agertu zaigu ZP presidentearen patrikatik: ETA desagertu arte, oso zail izango du Sortuk legezko izatea. Eta lasai-lasai, txo.

Garbi dago, edo hala ikusten dut nik behintzat, Ezker Abertzaleak botere mugatua duela azken baldintza biak bete ahal izateko. Alde batetik, nola demontre ez dira ba izango Batasunaren ondorengo? Ezker Abertzalea da! Euskal Herriko soziologia ez da aldatu, baina ongi etorria izan bedi gizartearen zati baten hausnarketa prozesu baten ondoriozko egoera berri hau.  Eta beste alde batetik, ETA desagertu arte? Ez diot honetan Ezker Abertzaleak eragin ezin dezakeenik, baina hori bakarrik, eragin, inoiz ez da erabaki hori Ezker Abertzale osoaren esku egongo.

Inpresioa da lege malgu bat daukagula Alderdien Legearekin. Gobernuari (eta oposizioari) komeni ahala tira egiten da gomatik edo goma lasaiago utzi. ZER DA, orduan, ALDERDIEN LEGEAK BENETAN DIOENA????

A! Eta beste gauza bat. Balizko legalizazioari buruz presidenteak eta barne ministroak horrenbeste hitz egiteak kolokan jartzen du ere (berriro) Espainiako botere-banaketa.

Eta txaloak eman behar ditugu demokrazian bizitzeagatik, tortura kasuak ikertu ere egiten ez direnean.

Asteburu on.

Zertan demontre gabiltza txakolinarekin?

Ba bai, deskargatu egin nahi dut apur bat zur eta lur naukan gai honekin. Burgoskoek eta Kantabriakoek txakolinaren izendapena nahi dutela? ETA ZER?

Izango da ez naizelako txakolin dastatzailerik finena around the world, baina barregarria iruditzen zait iskanbila. Euskadin Errioxa izendapen barruan dagoen ardoa ekoizten dugu, eta zer diote errioxarrek? Ba ez dakit, baina imajinatzen dut poz-pozik ibiliko direla euren izena ahalik eta gehienek eramatearren Errioxako mugetatik kanpora.

Bilbo, Great Wine Capitals sarearen barruan dago (Munduko Ardo Onenen Hiriburuak) Errioxa izendapenari esker. Gu horretaz baliatu egiten gara, eta era berean, Errioxak ere bere etekina ateratzen du.

Baina gauza batzuentzat itxi-itxiak garela ematen du. Zer desberdintasun dago Errioxako ardoaren eta txakolinaren kasuen artean? Izena bakarrik. Baina oso zonalde zehatz baten egiten den ardoa saltzen baldin badakigu, zenbat eta gehiagok saldu marka hori, ASKOZ HOBE. Denok dakigu nongoa den txakolinik onena, ezta? Orduan non demontre dago arazoa?

Polemika apur bat gurerago ekarririk, imajinatzen al dugu zer gerta zitekeen Idiazabalgo herritarrak kexu agertuko balitzaizkigu euren izena daraman gazta Euskal Herria osoan fabrikatzeagatik? Zoramena!

Ez dakit, nire iritzi apala da, baina hel diezaiogun arazoari zentzutasun apur batekin eta zabal dezagun munduan txakolinaren marka.

Bide batez, eta atzamarra begian apur bat gehiago sartzearren, zergatik ez diogu buelta bat ematen izenari berari? TXAKOLÍ!? Euskaraz TXAKOLINA da, puntu. Euskal hitza erdaldundu eta gero erdaraz dagoen hitz hori berriro ere euskal grafiaz idaztea… Mastercard! (notieneprecio).

Topa!