Bazen garaia, badakit, baina oporretatik egunerokotasunera bueltatzea gogorra izan ohi da. Hala ere, oporrek ez dute soilik atsedenerako parada ematen, behaketa eta hausnarketarako aukera borobila eskaintzen digute ere bai.
Opor osteko sindromea deritzeten hura ez omen da existitzen, baina gogor jotzen dio beste sindromeren batek espainiar estatuko alderdi politikoren bati: nortasun bipolarra.
Levante aldetik emandako alditxoan Partido Popularrak Espainiako alde horretan darabilen hizkuntz politikaz zertzelada batzuk hartu ahal izan ditut.
Ez da arraroa (ohikoena dela esango nuke) valentzieraz soilik idatzita dauden seinaleekin topo egitea edonon: errepidean, dendetan…
Baten bat ere ele bitan ikusi ahal izan dut, autobideko bidesaria markatzen duena kasu (peatje-peaje). Seinale hori berori Euskadin ere elebiduna da: peaje-toll (bigarren hizkuntza ingelesa da, bada ez bada).
Detaile txiki horiek ikusirik ezinezkoa da honako galdera honi bueltaren bat edo beste ez ematea: zergatik han bai eta hemen ez?
PPk du agintea Valentziako Elkarte Autonomoan, Euskadin euskara inposatzen ari garela dioen alderdi politiko berbera.
Agian arazoa, beste barik, euskaldunak garela da, eta ezin izango diogu paradoxari bestelako argudiorik aurkitu. Lastima!
Bitartean Isabel San Sebastián bezalako kazetariak agertuko zaizkigu telebistan, euskaldunontzat zeharo iraingarriak diren adierazpenekin. Azkena iragan larunbatekoa, Tele Cincoko “La Noria” saioan: “el vascuence es incomprensible“.
Nork bere zilborrari begiratzeak zer dakarren, ezta?