Lopezen Gobernu Irekia Wikileaksen aurka

Agerian geratu da beste behin ere gaur egun zein den informazioa zabaltzeko biderik azkar eta eraginkorrena. Bai, Twitter sare sozialaz ari natzaizue.

Gaur goizean bertan azken egunotan mundua astindu duen gaiarekin, Wikileaks alegia, zerikusia duen irudia hedatu da aipatu bidetik. Honatx:

Jakingo duzuenez, Wikileaksen arduradun den Assange jauna sexu eskandalu baten inplikatuta dagoela iragarri da komunikabideetan. Justiziak bere bideari jarraituko dio, eta dagokionean esango digu hori guztia zertan geratzen den, baina horrek sinesgarritasunik kentzen al dio Wikileaks berari?

Ematen du desprestigio kanpaina itzel baten zurrunbiloan sartuta gaudela, eta horrek oraindik eta gehiago goraipatzen du web orri horren lana. Badakizue, nitaz hitz egin dezatela, txarto bada ere.

Eta iskanbila horretan, Patxi Lopezen gobernuak bere harri koskortxoa jarri nahi izan du. Irudiak argi uzten duen bezalaxe, Eusko Jaurlaritzak blokeatu egin du Wikileakserako sarbidea, oraindik Assangen gaineko epaitzarik ez dagoenean.

Horretatik, bi ondorio: gobernua ez da hain open (irekia), eta posizionatu egin da iskanbilan. Zertarako sartu behar zuen saltsa honetan?

Baina bitxia da Wikileaksen URL blokeatzeko zein kategoriaren barruan sartu duten ohartaraztea: Potential Criminal Activities, Politics/Opinion. Iritzi politikoak zentsuratzen ditu Lopezen Gobernuak? Eta arestian esandakoa errepikatuz, Assangen ustezko delituek sinesgarritasunik kentzen al diete berak emandako berriei?

Hortik aurrera, nork bere ondorioak atera ditzala, nik berdin-berdin egingo dut lo gaur.

Martxoaren 8a, hotzarekin datorren eguna

Hotz jaiki gara. Ziklogenesiaren osteko barealdia izotz eta elur moduan etorri zaigu Euskadiko bazter guztietara.

Martxoaren 8a da gaur, Emakumearen Nazioarteko Eguna, eta fede onez,  euskal alderdi politikoetako gazteek egun honi ongi etorria nola eman dioten  aztertu nahi izan dut, eurak omen baitira etorkizuna.

Ba, antza denez, hotzak sorgortuta edo, hoztasunez hartu dute gaurkoa orokorrean. Eguerdia nahiko pasatxo denean, gazteen web orrietan ez da ezer ageri, aipatu beharreko hiru salbuespen kenduta: Euzko Gaztedi, EAJren gazteak, Iratzarri (Aralar) eta JSE-Egaz, PSEren gazteak.

Iratzarriren adierazpena

Ez Gazte Abertzaleak (EA), ez Nuevas Generaciones (PP), ezta EB Gazteak ere.

Emakumeen borroka zoritxarrez oraindik amaitu ez den 2010 urte honetan, hiru gazte erakundek bakarrik hartu dute emakumea aintzat. Gaur egun emakumea izateari, gazte izatea gehitzen badiogu, ematen du beste erakundeek izan beharko luketela zer esanik data honetan, ezta?

Beste gauza bat da euskararen presentzia, eta JSEk  ez du aintzat hartzen euskaldunon hizkuntza. Hori ere penagarria, gaur egun gazte gehienak euskaldunak dira-eta. Gazteongana hurbiltzeko modu polita.

Eta euskarari heldu diogula, JSEk erreferente daukan Patxi Lopezek  gaurkoa aukeratu du Twitter bidez internauten galderei erantzuteko, Irekia atariaren bidez. Bada lehendakari jaunari euskaraz egindako galdera baten aurrean, galdera itzuli egin zaio eta erantzuna gaztelaniaz eman. Kasu horretan, ez du merezi zer esan duen horri ezta jaramonik egiteak ere, errespetu falta galantagatik hain zuzen ere.

Baina martxoaren 8a da gaur, eta ez da emakumeei besarkadarik, zorionik edo halakorik emateko unea bakarrik, ez, gaurkoa gizonezkoon konpromisoa berretsi eta sendotzeko eguna da, eta asko eta asko horretan gabiltza.

Hotzak berotasunari atea zabalduko diolako.

Irekia eta Antonio Basagoiti lehendakari jauna

Hizkuntza idatziz darabilgunean, zer idazten dugun horrekin adi eta tentuz ibili behar dugu, batez ere erakunde ofizial batek ematen duen informazioa baldin bada.

Azken egunotan, Irekiaren web orrian (nola ez) honako titular hau irakurtzeko parada izan dut:

Lehendakaria Antonio Basagoiti Euskadiko PPren presidentearekin bildu da

Irekiako erredaktoreentzako gaurko ikasgaian, titularra irakurrita, komaren erabilera egokiaz jardungo naiz. Adibide hutsez emandako lezioa izango dugu.

Lehenik eta behin, onartu beharra daukat oso ondo pasatu dudala  esaldiaren interpretazio desberdinak imajinatzen, hona hemen pare bat:

1. “Lehendakaria, Antonio Basagoiti, Euskadiko PPren presidentearekin bildu da”:  gustukoen dudan interpretazioa da, argi baino argiago uzten baitu EAEn nork agintzen duen, aginte makila nork daraman alegia. Antonio Basagoitiri lehendakaritza aitortzeak errealitatera hurbiltzeko saiakera isla dezake Eusko Jaurlaritzaren aldetik.

2. “Lehendakaria, Antonio, Basagoiti, Euskadiko PPren presidentearekin, bildu da”. Hori ere ez da makala. Erraz irudika dezaket Irekiako langileen nahaste momentu hori: Ba! Ez dugu gogoratzen lehendakariaren izena, nor da betaurrekoak dituen tipo hori? Bai, saxoa jotzen duena! Jo! Ba Antonio aurpegia dauka. Ale ba! Antonio deituko diogu lehendakariari. Jakina, horrenbeste egun galduta ibili eta gero, edonori ahantzi dakioke lehendakariaren izena, barkatzekoa da.

Eta komekin jolasean ibil gaitezke mugarik gabe, nahi duguna ulertu arte.

Dena dela, titularrak esaten duena ahaztuta, eta esan beharko lukeena ekarriz, esaldiak honakoaren antza hartu beharko luke: “Lehendakaria, Antonio Basagoitirekin, Euskadiko PPren presidentea, bildu da”.

Baina perpausa apur bat findu nahi izanez gero, erakunde ofizial batek idatzi beharrekoari hurrengoarenetik hurbilago egotea legokio: “Lehendakaria Antonio Basagoitirekin bildu da, Euskadiko PPren presidentea”. Eta horrela ez dago zalantzarako edo trufarako biderik.

Irekiaren asmoa irakurle euskaldunaren irudimena potentziatzea eta sustatzea baldin bada, mesedez, ez dezatela estilo liburuko hizkirik ere alda. Horrela, politika-fikzioa eta umorea irabazle aterako dira. Hori bai, erakunde ofizialaren xedea informatzea baldin bada, idatz dezatela arauei jaramon apur bat eginda.

Hala ere, ni pozik geratzen naiz, momentu onak bizi ditut Irekiaren web orria bistaratzen dudanean, eta horrek ez dauka preziorik.

Amaitzeko, eranskin lez, delituaren froga:

Irekia eta hondamendia

ETS enpresak egiten dituen lanak, Irekiaren arabera, hondaketa edo hondatze lanak dira. Hau da, gauzak oraindik eta okerrago jartzen dituzte.

Irekiak esandakoari jarraiki, ETSren lanak deskribatzeko hurrengo sinonimoak ere erabil litezke: narriadura edo andeatze lanak.

Ez du azalpen luzeagorik merezi, baina ondo pentsatu nahi izanez gero, ematen du testu horretan erabiltzeko hitzik egokiena hondEaketa dela, makinek edota langileek lurzorua zulatzea alegia.

Batetik bestera badago alderik, ezta?

Hizkuntza mespretxatzeak horrelakoak dakartza zoritxarrez (edo zorionez).