Ba bai, Ipar Euskal Herria existitzen da, eta euskaldunez lepo dago. Egia da abertzaletasunak oraindik bide luzea duela Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan, baina pausuz-pausu zubi sendoa eraikitzen ari gara Hegoaldea eta Iparraldearen artean.
Gaur, hauteskunde kantonaletan buru belarri sartuta daudela, EAJko hautagaia den Jean Telletxeari Berria egunkariak eginiko elkarrizketa irakurri dut. Bertan, oso hausnarketa interesgarriak uzten dizkigu Baionako zerrendaburuak, baina nere ustez, garrantzitsuena da behingoagatik bada ere, alderdi abertzale batek zein gizarte klasetan aurkezten den ondo antzeman duela, apurka hazten joateko.
Garbi hitz egiten du Telletxeak, euskalduntasuna beste era batera bizi dute mugatik haratago, eta onartzen du, “Gaur egun, abertzalea naizela diodanean, Baionakoek ez naute ulertzen”. Premisa horretatik abiatuta, eguneroko ardurei heldu nahi die EAJk Iparralden, apurka-apurka herritarrak abertzaletasunarekin lotzeko: “Abertzaleen alde bozkatzen ez duten %90ak ditut begi bistan”.
Kudeaketa da oinarria, eta handik aurrera, herria eraiki. Hortaz, gainerako alderdi abertzaleekin koalizioan joatea ez du begi onez ikusten, EAJk bere proiektua baitauka, bere bidea jorratu nahi du, eta herritarrak bere proiektura bildu proposamen zehatz eta desberdinduarekin.
Herritarrak ondo bereizi behar du bere hautu politikoa. Iparralden ere abertzaleen eskaintza plurala bada, hauteslegoari hobeto egokituko zaio, eta agian, bide horretatik, zenbait pausu aurrera eman ahal izango dira Iparralderako proiektu komunean: euskararen ofizialtasuna, Euskal departamendua, e.a.
Aitzina beti.