Estrasburgoko Auzitegiaren epaia aplikatuz, beste 13 etakide atera berri dira kalera. Kubatiren kasuan, espetxetik ateratzean, zain zeuzkan biktimen senide batzuk, irainka hasi zitzaizkionak. Bideoa ikusgai dago zenbait komunikabidetako web guneetan.
Ulertzen dut biktimen samina, ulertu ezin dudana da nola tenkatzen diren iraganean, nola ez duten aurrera begiratu nahi, zergatik daukaten halakoetan denbora galtzeko edo inbertitzeko gogorik… Zer da jarrera hori kitzikatzen duena? Saminak berak bultzatuta egiten ote dute? Amorruak agian? Ala militantzia politikoa baino ez da? Urteetan ikasitako rolari eusteko militantzia politikoa?
Zein izan beharko luke, beraz, bizitzan aurrera egin eta mina atzean utzi nahi duen biktimaren jarrerak? Mendeku nahikariak laguntzen al du? Gerta liteke, baita ere, biktima zuzenak direnak atzean utzi nahi izate horren aldeko etengabeko borrokan egotea. Baina berdin jokatzen dute bigarren edo hirugarren mailako biktimek? Hau da, berdin jokatzen dute atentatua zuzenean pairatu duen batek, edo seme-alaba erail dioten batek, eta osaba, izekoa, lehengusua, laguna… biktima duen batek?
Pentsa baliteke mina parekoa ez dela kasu bietan, ondoriozta daiteke, berdin antzean, samin horren aurreko erreakzioa ere ez datorrela bat. Euren azalean jarrita, baliteke batzuek sakon-sakonean itsatsita duten min hori ez dutela inoiz ahaztuko onartuta edukitzea, eta hala ere, bizitzan aurrera egitea helburu izatea. Beste batzuek, aldiz, mina hain sakonekoa ez izanik, baliteke konpromisoa adierazteko modurik onena mendekuan aurkitzea.
Aldi berean, urteetako hazia ereitearen fruituak jasota, Espainiako Gobernuak biktimen lobbya sortuta dauka, biktima batzuena, ez guztiena, eta horrek asko baldintzatzen du Madrilgo bakegintza politika.
Eta bukatzeko, euskal komunikabide batzuetan, Berria kasu, etakideei euskal preso deitzen diete, edo horretan diraute. Bilboko trafikatzaile bat, ostera, ez dakigu euskal preso ote den Berriarentzat.
Sartu hori guztia kokteleran, astindu, eta hara! Zein garai polit eta itxaropentsua bizi dugun. Edo agian, Hertzainak taldearen letrari buelta emanez, ekaitzaren ostean dator barea.