Matxismoa kirolean

Normalean, Espainiako kirol esparruak, gure euskal talde edo kirolariei ez dagokien heinean, ez dit aparteko interesik sortzen, ikuskizunaz gozatzetik gora ez, bederen. Baina tenisean piztu den polemikak zur eta lur utzi nau.

Honezkero ez baldin badakizue zer gertatu den, labur-laburrean esango dizuet: Espainiako Tenis Federazioak, Davis Kopan jasandako porrotaren ostean, Gala Leon izendatu du Espainiako taldeko kapitain. Gala Leon emakumea da, argitzen dut, bada ez bada ere.

Gala-Leon-en-una-imagen-de-201_54415324149_54374916805_576_694
Gala Leon

Hortik aurrera, tenislari, kazetari eta entrenatzaile batzuek botatako iruzkinek Torrente bera ere gorrituko luketelakoan nago. Antza, denbora luzea ematen dute jokalariek aldagela barruan, eta hango giroa hain da berezia, hain da pribatua, eta hain da garrantzitsua jokorako, ezen emakume entrenatzaile/kapitain batek zapuztuko lukeela Nirvana hori eta hankaz gora jarriko guztia. Berdin dio zer prestakuntza duen emakume horrek, berdin dio nolako karisma edo nolako egokitzeko gaitasuna, emakumea da eta ez diote hori barkatzen.

Eta gauzak alderantziz gertatzen direnean? Non daude aldagelako giroaren argudioa eta antzekoak? Hartuko ditugu, adibidez, saskibaloia edo futbola: zenbat entrenatzaile gizonezko dago emakumeen taldeetan? Eta ez elitean bakarrik, nork entrenatzen du zuen alabaren futbol, saskibaloi, eskubaloi, waterpolo edo bestelako kirol taldea? Kasuren baten emakume batek agian, baina gehienetan?

Ba hemendik, txoko apal honetatik, txalotu nahiko nuke Espainiako Tenis Federazioak hartutako erabakia. Ez dakit emaitza onik izango duten kirolari soilik dagokionez, baina emakumeen parekidetasunerako borrokan, halako erabaki ausartek (bai, ausartak dira oraindik, zoritxarrez) begien bistan jartzen digute emakumeak ere badirela gai gizonezkoenak izan diren edo diren arloetan burua adorez sartzeko eta oztopoen gainetik gailentzeko. Eredu dira, ez bakarrik emakume guztientzat, baita gizonontzat ere.

Eta Gallardonek dimititu du. Zer ondo!

Azken orduko eguneraketa: [Enlace roto.] bikiniz jantzita jolasteari uko egin zieten euskal eskubaloi jokalariei. Albisteak pilatzen zaizkigu arlo berberaren inguruan.

Martxoaren 8a, hotzarekin datorren eguna

Hotz jaiki gara. Ziklogenesiaren osteko barealdia izotz eta elur moduan etorri zaigu Euskadiko bazter guztietara.

Martxoaren 8a da gaur, Emakumearen Nazioarteko Eguna, eta fede onez,  euskal alderdi politikoetako gazteek egun honi ongi etorria nola eman dioten  aztertu nahi izan dut, eurak omen baitira etorkizuna.

Ba, antza denez, hotzak sorgortuta edo, hoztasunez hartu dute gaurkoa orokorrean. Eguerdia nahiko pasatxo denean, gazteen web orrietan ez da ezer ageri, aipatu beharreko hiru salbuespen kenduta: Euzko Gaztedi, EAJren gazteak, Iratzarri (Aralar) eta JSE-Egaz, PSEren gazteak.

Iratzarriren adierazpena

Ez Gazte Abertzaleak (EA), ez Nuevas Generaciones (PP), ezta EB Gazteak ere.

Emakumeen borroka zoritxarrez oraindik amaitu ez den 2010 urte honetan, hiru gazte erakundek bakarrik hartu dute emakumea aintzat. Gaur egun emakumea izateari, gazte izatea gehitzen badiogu, ematen du beste erakundeek izan beharko luketela zer esanik data honetan, ezta?

Beste gauza bat da euskararen presentzia, eta JSEk  ez du aintzat hartzen euskaldunon hizkuntza. Hori ere penagarria, gaur egun gazte gehienak euskaldunak dira-eta. Gazteongana hurbiltzeko modu polita.

Eta euskarari heldu diogula, JSEk erreferente daukan Patxi Lopezek  gaurkoa aukeratu du Twitter bidez internauten galderei erantzuteko, Irekia atariaren bidez. Bada lehendakari jaunari euskaraz egindako galdera baten aurrean, galdera itzuli egin zaio eta erantzuna gaztelaniaz eman. Kasu horretan, ez du merezi zer esan duen horri ezta jaramonik egiteak ere, errespetu falta galantagatik hain zuzen ere.

Baina martxoaren 8a da gaur, eta ez da emakumeei besarkadarik, zorionik edo halakorik emateko unea bakarrik, ez, gaurkoa gizonezkoon konpromisoa berretsi eta sendotzeko eguna da, eta asko eta asko horretan gabiltza.

Hotzak berotasunari atea zabalduko diolako.