Euskararen “aldeko” kutresaltxitxerismoa

Bueno, bueno, bueno, bueno… Zelako burrunba sortu duten Leizaola Elkargoak egindako bideoek (sakatu hemen ikusteko).

Ez dakit merezi duen bideotan zer ikus daitekeen azaltzea, ikusi eta listo, nik gehiago jo nahi dut sakonean dagoen planteamendura. Suposatzen da bideo horiek euskararen erabilera sustatzeko eginda daudela, euskaraz bizi daitekeela erakusteko.

Benetan, helburua hori bazen, ez dakit nola demontre iritsi diren halako zerbait egin behar zutela ondorioztatzera. Ez naiz komunikabide batzuek leporatu dieten sexismoarekin sartuko, gai horretako muga oso fina izan baitaiteke; hori bai, mugan zaudela antzematen baduzu, zer beharrizan daukazu arriskatzeko? Baina tira.

Nire benetako kezka gehiago da bideoak berak ematen duen itxura. Badakit, kasu askotan, gauzei “made in at home” edo kasero itxura hori emateak xarma berezia ematen diola egindakoari, berezitasun puntu bat. Baina Leizaola Elkargoak egindako bideo hauen kasuan, hori ere mugara eraman dute: soinua ez da batere ona, eta are okerrago, euskararen naturaltasunik ez da inondik inora agertzen. Ondorioz, bideoa ikustean, hain behartuta dauden pertsonen hizketaldiak entzutean, auzo lotsa sentitzea automatikoa da, kutresaltxitxerismoa. Muturra okerturik ikusi ditut bi bideoen zazpi minutuak, nire bizitzako estoizismo ariketarik latzenetarikoa.

Ez dakit kanpaina nork ordaindu duen, antza Eusko Jaurlaritzak eman du diru partidarik handiena honetarako, eta badakit autonomia duen erakunde batek zer egingo duen aurretiaz kontrolatzea oso zaila dela, baina nire herriko erakundeen logoak bideo horien amaieran ikusteak ere… uf! Atzeraka eman dit.

Nik gomendio bat luzatuko nieke Leizaola Elkargokoei (teknologia berrietan interesik badute euren web orria berriztatzeaz aparte): mesedez, hurrengo baterako ondo pensatu; mesede egingo al dio honek euskarari? Bere helburua betetzeko aukerarik al du?

Eurek beraiek ikusi badituzte bideo hauek, badakite zeintzuk diren galdera horientzako erantzunak.

(Azken orduko ed.: YOUTUBEN JARRI DEN “EUSKALTEGI BITXIA” BIDEOA SARETIK KENTZEA ESKATZEN DU BIZKAIKO FORU ALDUNDIAK)