El Correo: fikziozko tabu eta iraultzak

El Correo Español egunkaria “katxondokeriatan” hasi du urte berria. Duela pare bat egun, azalean jartzeko moduko albistea omen zen Batzoki bateko tabernak itxi egin duela, krisi garaian itxi egin duen ostalaritza negozio bakarra bailitzan. Ikusiko dugu zenbat tardatzen duen maizter berri batek hara heltzen eta taberna berriz zabaltzen.

IzengabeaBadirudi El Correoren asmoa zela EAJren irudia zikintzea, halako parekotasun bitxiak aditzera emanez, esan barik, eta horiek egunkariaren azalean jarriz. 10etik 1ek ondorioztatzen bazuen tabernak itxi egin duela EAJren kudeaketa txarragatik, nahiz eta batzokietako tabernak alokairuan ematen diren pribatuek eraman ditzaten, ba bere lana egintzat emango zuen Bizkaiko Vocentoren ordezkaritzak.

Baina ez da hor bukatzen El Correoren 2014ko urtarrileko EAJren kontrako gurutzada berri hau. Gaur goizean bertan, euren web gunean, hau irakur zitekeen:

IzengabeaLehendakariak esaten duena ondo iruditzen bazaie egunkari horretako kazetariei, pozten naiz, baina haratago joatea eta baieztatzea horrek iraultza ideologikoa suposatzen duela EAJ barruan bada EAJ batere ez ezagutzea, edo ezagututa, EAJn bazterrak nahasteko gogo handia izatea.

Oso erraza da, eskema bat egingo diet El Correokoei:

– Monarkia eta Errepublikaren artean, Errepublika.

– Espainiako Errepublika eta Euskal Errepublikaren artean, Euskal Errepublika.

– Gizarte eskubideei bai, Administrazioak herritarren beharrizanei erantzuteko baitaude.

Uuuuuuu!!!! Zelako tabuak! Enpin…

 

“Vive la Republique”

Ez dut azterketa historiko sakonik egin nahi, ez dut Errepublika bezalako sistema politikoaren iruzkin teknikorik egin nahi, ez dut sentsibilitaterik mindu nahi…

Gaur Espainiako II. Errepublikaren eguna da, hori ospatzen dute batzuek. ETA ZER? Ni euskalduna naiz, nik ezer ospatzekotan Euskal Errepublikaren eguna ospatu nahi nuke, nahiz eta Eibarren jarri zen Errepublikaren lehen bandera hori.

Eibar, 1931ko apirilaren 14an

Azkenean, aro berri hauetan, nagusi diren komunikabideek, errepikatzearen poderioz, ideiak barneratzen dituzte gizartean: pertsonaia publiko famatuak espainiarrak dira, kirolari onenak espainiarrak dira… eta Errepublikaren ideia idealizatua ere sartzen saiatzen dira.

Egia izan daiteke Errepublika demokraziaren lehen urratsak eman zituen sistema politikoa izan zela, eta nolabaiteko irekiera egon zela euskaldunekiko. Agirre lehendakariaren garaia zen hura, eta Estatutuaren proiektuan Nafarroa sartzea ere aurreikusten zen.

Azken baten, eta edonola ere, Espainia da eta zen hori, eta euskaldun asko, Euskadi edo Euskal Herria osatzen dugunon zati handi eta zabal batek bestelako antolamendu politikoa ospatuko genuke gustura, biba eta txaloka.

Bitartean, Francok aukeratutako erregea da estatuburu, Oroimen Historikoaren Legea zakurraren putza da, eta diktaduran izan ziren kriminalak epaitegietatik pasatu barik daude (Alemania edo Hegoafrikan ez bezala).

Ez jaun-andreok, begietatik sartu eta konturatu barik prozesatzen dugun informazio guztia ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.  Hinduen ahozko tradizioak ondo diosku, “zuhaitzek ez diezazutela basoa ikustea eragotzi”.

Sare sozialetan irakurri dudanarekin amaitu nahi nuke gaurkoa:

Espainiak bere Errepublikaren eguna ospatzen duen honetan, guk gurea ospatu nahi genuke, baina…

“Agian, inoiz izango gara.
Agian inon izango gara.
Agian, herri izango gara.
Agian, bihar izango gara irri.” (Mikel Urdangarin. Bihar)