Adarra jo nahi digute, gero eta garbiago daukat.
Blanca Urgell, EAEko Kultura sailburua, “modernoen” konplexuekin atera zaigu gaur bertan. Euskal kultura ez omen da irekia, ez omen du balio mundura zabaltzeko eta honakoa adierazi du: “Ez da zilegi Euskadi uharte kulturala izatea”
Berbok, horrela hartuta, era bikainean ulertzeko aukera daukagu. Euskadi, orain arte, kulturaren uhartea izan bada, horrek esan nahiko du kulturari balio berezia eman zaiola gure artean, munduko beste lekuetan ez bezala. Nik ez dut hor bekaturik ikusten.
Zoritxarrez, Urgellek esan nahi duena mingarria da, eta benetan atsekabeturik nago.
Baina hel diezaiogun, lehenik eta behin, testuinguruari. [Enlace roto.], eta berriztatze horrek eragile asko utzi ditu kanpoan, denak beren-beregi euskal kulturarekin zerikusia dutenak.
Urgellek, Radio Euskadin egindako adierazpenokin, zera diosku, euskaldunok oso itxiak garela, geure zilborrari bakarrik begiratzen diogula, eta nola ez, badela garaia txapela burutik kentzeko, baserritik ateratzeko eta mundura zabaltzeko.
Lotsagarria ez, IRAINGARRIA. Zer proposatzen digute Urgellek, eta luzapenez, Eusko Jaurlaritzak? Gure nortasunari uko egin behar diogula munduari so egiteko.
Badirudi gobernu honek ahaztu egiten duela mundura begiratzea ez dela nortasuna atzean uztearen sinonimo. Euskaraz egin diezaiokegu munduari, munduan euskara berezia delako, eta kanpotik barrutik baino gehiago estimatzen dutela ematen duelako.
Munduan, esaerak dioen bezala, txapela buruan ibil gaitezke, nor eta zer garen erakutsi, baina besteak ere nor eta zer diren ikasi eta ulertuz. Batak ez du bestea kentzen.
Nola zabalduko dizkiogu ateak munduari gurea dena estimatzen eta maitatzen ez badugu, gurea denaz lotsatzen diren agintariak baldin badauzkagu?
Hain modernoa den “lokaletik globalera” esaldia gogorarazi nahi nioke espazio xume honetatik sailburuari. Fermin Muguruzak, mundu osoko musikari irekia dagoen musikaria, ondo baino hobeto azaldu zuen: “euskalduna naiz, eta harro nago”.
Bueltatxo bat emanda esaldiari, sailburuari oparitu nahi diot nire egokitzapena: euskalduna naiz, eta ez naiz lotsatzen.