Ba bai, trikimailurik gabe, ez dago tranparik. Zorionak eman nahi dizkiot Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburuari.
Atzo iragarri egin zuen 2013rako hezkuntza sistemako hizkuntza ereduak desagertu egingo direla modelo hirueledunari bidea uzteko (zoritxarrez, EiTBren web orrian ez dut berria euskaraz aurkitu).
Erabaki horrek aintzatespena merezi duela uste dut, eta legezkoa da hala onartzea. Euskararen biziberritzean, hizkuntza ereduak oztopo izan dira azken urteotan. Hasiera baten, trantsizioan, zentzurik izan zezaketen, hain zuzen ere horregatik, trantsizio fase baten geundelako herri honetan. Baina gaur egun, guraso gehienek D eredua (euskarazkoa) aukeratzen dutela ikusita, posible da eredu bakarra ezartzea behingoz.
Belaunaldi berriek euskara ikastea da hizkuntzaren etorkizunerako oinarrietako bat. Ofiziala da, gaztelania den bezalaxe, eta ez dago aitzakiarik gazte edo ume bati bere euskara ikasteko eskubidea ukatzeko. Elkarbizitzarako, eta hizkuntza komunitateen berdintasuna ere bermatzeko, ezinbesteko pausua da.
Euskara eta gaztelaniarekin batera, ingelesa ere irakatsiko zaie (ikastola gehienetan gaur egun egiten ari direna), eta horrek tresna bikaina suposatzen du egunen baten lan-merkatura jauzia ematerako orduan.
Oraindik, dena dela, ikusi beharra dago eredu berri hau zelan egikaritzen den, zenbat ordu eskainiko zaizkion hizkuntza bakoitzari, eta benetan, zelako eraginkortasuna izango duen hizkuntzen irakaskuntzan. Baina lehen urratsa emanda dago.
Hala ere, Gobernu talde honi euskaldunon hizkuntzarekin dituen kontraesan batzuk atzean uztea geratzen zaio oraindik ere, hala nola, Osakidetzan euskarari eman zaion ostikoa, edo forman geratzen diren beste zenbait gai: Jaurlaritzaren bozeramaile den Idoia Mendiak Twitter kontua zein hizkuntzatan erabiltzen duen (%98 gaztelaniaz, %2 ingelesez, %0 euskaraz), hizkuntzaren kalitatea hainbat kasutan (Osakidetzaren web orria, Irekia…), e.a.
Eta azkenik, ahaztu ezin dugun beste kontu garrantzitsu bat: Euskal Herrian hirugarren hizkuntza bat dago, frantsesa. Iparraldea eta Hegoaldea hurbiltzeko, aintzat hartzekoa da ea bide horretan ere erabakirik hartu nahi dugun.
Dena dela, arazoak arazo, eta proposamenak proposamen, esandakoa, zorionak eredu bakarrerako behin betiko urratsa ematearren.