Ez dut azterketa historiko sakonik egin nahi, ez dut Errepublika bezalako sistema politikoaren iruzkin teknikorik egin nahi, ez dut sentsibilitaterik mindu nahi…
Gaur Espainiako II. Errepublikaren eguna da, hori ospatzen dute batzuek. ETA ZER? Ni euskalduna naiz, nik ezer ospatzekotan Euskal Errepublikaren eguna ospatu nahi nuke, nahiz eta Eibarren jarri zen Errepublikaren lehen bandera hori.
Azkenean, aro berri hauetan, nagusi diren komunikabideek, errepikatzearen poderioz, ideiak barneratzen dituzte gizartean: pertsonaia publiko famatuak espainiarrak dira, kirolari onenak espainiarrak dira… eta Errepublikaren ideia idealizatua ere sartzen saiatzen dira.
Egia izan daiteke Errepublika demokraziaren lehen urratsak eman zituen sistema politikoa izan zela, eta nolabaiteko irekiera egon zela euskaldunekiko. Agirre lehendakariaren garaia zen hura, eta Estatutuaren proiektuan Nafarroa sartzea ere aurreikusten zen.
Azken baten, eta edonola ere, Espainia da eta zen hori, eta euskaldun asko, Euskadi edo Euskal Herria osatzen dugunon zati handi eta zabal batek bestelako antolamendu politikoa ospatuko genuke gustura, biba eta txaloka.
Bitartean, Francok aukeratutako erregea da estatuburu, Oroimen Historikoaren Legea zakurraren putza da, eta diktaduran izan ziren kriminalak epaitegietatik pasatu barik daude (Alemania edo Hegoafrikan ez bezala).
Ez jaun-andreok, begietatik sartu eta konturatu barik prozesatzen dugun informazio guztia ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Hinduen ahozko tradizioak ondo diosku, “zuhaitzek ez diezazutela basoa ikustea eragotzi”.
Sare sozialetan irakurri dudanarekin amaitu nahi nuke gaurkoa:
Espainiak bere Errepublikaren eguna ospatzen duen honetan, guk gurea ospatu nahi genuke, baina…
“Agian, inoiz izango gara.
Agian inon izango gara.
Agian, herri izango gara.
Agian, bihar izango gara irri.” (Mikel Urdangarin. Bihar)