“No enredes”

Hori da Jose Antonio Pastorrek Twitter bidez erantzun didana gezurra esan duela frogatu bezain laster. Hona hemen elkarrizketa:

Endredatu aditza erabili du nire jokaera salatu nahian. Baina politikan, betidanik, eta gaur egun gehiago, gezurra da salatu behar duguna, herritarrei gezurra esatea delako, hain zuzen ere, politika merezi ez duen lekuan uztea. Gardentasuna eta joko garbia behar ditugu.

Kargu publiko batek egia izan beharko luke beti ahoan, eta endredatzeko gogoekin badabil, hobe du erantzukizuna onartzea eta errua beste bati ez leporatzea.

Ez neukan elkarrizketa argitaratzeko inongo asmorik, baina Pastorrek blokeatu egin nau Twitterren bere adierazpen hori zuzentzeagatik. Zuek esango didazue zer iruditzen zaizuen.

PSE horrela biziberritu nahi baldin badute, ez dakit bide okerretik ez ote doazen.

 

“Multiusos” Pastor, isilik hobeto

Jose Antonio “multiusos” Pastorrek (legebiltzarkidea, PSEren bozeramailea, Bizkaiko sozialisten idazkari nagusia, Bizkaiko batzar nagusietako ahalduna, Bizkaiko Ahaldun Nagusia izateko hautagaia…) nire onetik ateratzen nau, bai. Gaurkoan euskara eta EAJren jarrerari buruzko [Enlace roto.] azaldu zaigu, El País egunkarian hain zuzen ere. Hainbeste erantzukizunekin, harrigarria iruditzen zait euskarari buruzko artikulua idazteko astirik ere ateratzea. Dena dela, hortxe dago, sarean, eta iruzkinik edo hausnarketarik ere merezi du, mamia (eta mamua) baitauka.

Aiba! Dena gaztelaniaz!
Aiba! Dena gaztelaniaz!

PSEk egin duen euskararen defentsa aldarrikatzen du, baina subjektu pasibo gisa azken baten: antza, PSE gakoa izan da aurretik ez delako EAJren hizkuntz politiken kontra jarri. Baina PSEk zer egin du euskararen alde? Bihoa zerrenda txiki-txiki bat:

1. Lehendakaria erdalduna da.

2. Ahaldun Nagusi izateko hautagaiak erdaldunak dira.

3. Nafarroan ez du UPNren kontra egin hizkuntz politikan.

4. PSEren ezein eskuorri, web orri, blog eta abarri erreparatzen badiegu, %90 gaztelania hutsez direla antzeman dezakegu, eta euskaraz dagoen apurrean, akats galantak bereiz daitezke.

5. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak legebiltzarrean bere txostena euskaraz aurkeztu zuenean, bazterkeria egiten ari zirela salatu zuen PSEko legebiltzarkide den Aitor Casado “gazteak”.

6. Instituzionalak diren agerraldi edo komunikabideetan ere, euskara bazterrean geratzen ez bada, eskandaluzkoa da gure hizkuntza nola erabiltzen den.

Eta zerrenda amaigabea da, baina idazkia osorik irakurtzea estimatuko nizuekenez, ez dut gehiago luzatuko.

Laburbilduz, oso ondorio garbia ateratzen dut nik Pastorren artikulua irakurri eta gero: EAJri euskara lehia politikorako erabiltzea leporatu nahi omen dio idazkiarekin, baina azkenean, euskara bera sartzen du saltsa horretan, eta euskararen defentsa egitea, garbia eta agerikoa, PSEren hizkuntz politika salatuz, erdaldunen kontra egitea da. Hortaz, Pastorrek ez du pluraltasunaren edo euskararen defentsarik egiten, ezta gutxiagorik ere, mezua gardena da: “utz gaitzazue erdaldunok bakean, euskaldun madarikatuok!”.

I. Gorotza Awards

Noizean behin, ausazko epealdietan, nik neure buruarekin osaturiko epaimahaiak “Gorotza Awards” banatuko ditu, banaketaz-banaketa sortuko diren hainbat kategoria ezberdinetan.

Aste honetako sariak “Beldurrezko adierazpen onenak” kategorian banatuko ditugu, eta hona hemen emaitzak:

Zilarrezko gorotza… Jon Juaristi jaunarentzat![Enlace roto.] esaldi liluragarria botatzearren.

Euskararen Aholku batzordea, hortaz, abertzaleoi popatik emateko sortua da, ez euskara defendatzeko. Ño! Bitxia asuntoa! Ez da horretan bakarrik geratzen Juaristi jauna, Euskadiko hizkuntza politikak aspertu egiten omen du “gure intelektuala”. Baina zirikatzen jarraituko du, horretarako jaio baita.

Bihoakio hemendik aste honetako zilarrezko gorotz handia, eta uste dut gutxi gehiago aipatuko dudala idazlea, bere liburuekin lortu ez duen ospea beste bide batetik erdietsi nahi baitu.

Eta bukatzeko, URREZKO GOROTZA… Jose Antonio Pastorrentzat, PSEren bozeramaile, legebiltzarkide eta Bizkaiko Ahaldun Nagusirako hautagai sozialista (pluriempleing).

Antza, “EAJ landa alderdia da, kultura eta kontzientzia politikoa hazten bada, EAJk aukera gutxiago dauka”, horiek Pastorren [Enlace roto.].

Ai! Zelako egiak botatzen dituen gizon handi honek ahotik. Nire aldetik, Arrosaren Festaren zain nago, Barakaldoko kaleak intelektualez bete daitezen. Plazer handia da begientzat sozialistak biltzen diren edozein lekutan literatura mahai-inguruetan parte hartzeko eratzen diren iladak mirestea. Bikaina da.

Lastima espektakulu hori hain gutxitan ikustea. Zoritxarrez, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrien %85 inguru baserritarrek gobernatzen dituzte, landa-politikariak, txapela eta guzti.

Argudiorik gabeko irain merkeari esker lortu du saria Pastorrek. Landatarrak izango gara abertzaleok, gehiengoa, baina hemengoak, eta gutxienez, EAJ eta bestelako alderdi abertzaleetako politikariak hona begira daude, ez Madrila begira.

Juaristi eta Pastor jaunok, nahi duzuenean, iruzkin bat utzi blog honetan eta zuekin harremanetan jarriko naiz dagokizuen lorategirako ongarria etxean jaso dezazuen.

Zorionak!