Abdikazioaren aurrean, abstentzioa zergatik?

Espainiako Erregearen abdikazioa eta horri lotuta datorkigun Felipe VI.aren koroatzea dira asteko albisteak, eta izango dira, ez bakarrik uztailaren 18an tronista berria (Emma Garcia, barkatu) izan arte, ez, ondorengo egunetan ere zeremonia komentatzen ibiliko dira, eta abar luze batekin.

Agur, bai, agur.
Agur, bai, agur.

Dena dela, Espainiako Kongresuan tramite “txiki” bat egin behar da oinordetza hori burutzeko, bozketa burutu behar da Juan Carlosen abdikazioa eta Feliperen koroatzea onartzeko, dena batera.

Horren aurrean, EAJk erabaki egin du botazio horretan abstenitu egingo direla Euskal taldeko diputatuak, eta entzun izan dira ahots batzuk esaten jarrera horrek legitimatu egiten duela monarkia. Bada, baieztapen horri, iruzkin labur batzuk egin nahiko nizkioke:

1. Monarkia ez du Kongresuak legitimatuko bozketa horretan, monarkia 1978ko Konstituzioak legitimatzen du. Erregea hil izan balitz, ez litzateke Kongresuko tramiterik beharko. Gertatu dena izan da erregeak abdikatu egin duela. Gogora dezagun, bada ez bada, Konstituzioko 57.1 artikuluak dioena: “Espainiako Koroa jaraunspenez jasoko dute Joan Karlos I.a Borboikoa maiestatearen oinordekoek, dinastia historikoaren jaraunsle legitimo izanik bera. Koroaren oinordetzan, premutasun- eta ordezkaritza-hurrenkera arauzkoari jarraituko zaio, aurreko lerroa lehenetsiz ondorengoei; lerro berean, gradu hurbilagoa urrunagoari; gradu berean, gizonezkoa emakumeari; eta, sexu berean, adin handiagokoa adin txikiagokoari“.

2. EAJk, alderdi abertzalea izanik, trantsizio egoera hau Euskadiren, nazio gisa, statusa aldatzeko eta erabakitzeko eskubidean sakontzeko aukera legez ikusten du. EAJren iparra Euskadi da eta ez Espainia. Espainiar errepublika aldarrikatzekotan, nire ustez, lan hori ez dagokio euskal abertzale bati.

3. Errepublika nahi dutela espainiarrek? Oso ondo, egin dezatela erreferenduma, baina hori ez da Kongresuan bozkatuko dena. Kongresuko bozketa horretan ezezkoa ematea  Juan Carlos I.aren abdikazioa ukatzea da. Ez al zaigu abdikazio hori ondo iruditzen? Juan Carlos I.ak jarraitzea baino hobeto bai behintzat, ez?

Gauza gehiegi entzun eta irakurtzen da hortik, fundamentu eskasekoak, eta behar bezala argudiatu gabekoak. Nik abertzaleei koherentzia eskatuko nieke, eta EAJren jarrera ezin esan daiteke abertzaletasunarekin koherentea ez denik. Izan ere, koherenteena da.

 

“Gara” egunkariaren profesionaltasuna

Bai, badakit, egunkari bakoitzak bere ildo editoriala dauka, eta Garak berea. Baina horrek albisteak profesionaltasun apur batekin erabiltzearekin talka egin behar al du ezinbestean?

Egunkari horrek, alde batetik Iñigo Urkullu lehendakariak Espainiako erregearekin izan zuen bileraren berri ematen du, eta bestetik, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailearen adierazpenak aipatzen ditu, EAEko eskumenak erruz defendatuko dituela Gobernuak alegia. Tira, egia esan, “alde batetik eta bestetik” esatea ez dakit oso egokia den kasu honetarako, bi berri horiek testu bakarrean batzen baititu Gara egunkariak, baten argazkia eta bestearen titularra kontrajarriz.

Zelako barreak botako zituzten erredakzioan, tartetxo ona igaroko zuten seguru, baina hori kazetaritza profesionaltasunez tratatzea baldin bada blog hau ingelesez idatzita dago.

Ez dakit, baina bada ez bada, ahaztuta badaukate edo, nik beste argazki hau gogorarazi nahiko nieke Garako erredaktoreei:

Errekondo, Amaiurren hautetsia kongresuan, Espainiako erregearekin

“Vive la Republique”

Ez dut azterketa historiko sakonik egin nahi, ez dut Errepublika bezalako sistema politikoaren iruzkin teknikorik egin nahi, ez dut sentsibilitaterik mindu nahi…

Gaur Espainiako II. Errepublikaren eguna da, hori ospatzen dute batzuek. ETA ZER? Ni euskalduna naiz, nik ezer ospatzekotan Euskal Errepublikaren eguna ospatu nahi nuke, nahiz eta Eibarren jarri zen Errepublikaren lehen bandera hori.

Eibar, 1931ko apirilaren 14an

Azkenean, aro berri hauetan, nagusi diren komunikabideek, errepikatzearen poderioz, ideiak barneratzen dituzte gizartean: pertsonaia publiko famatuak espainiarrak dira, kirolari onenak espainiarrak dira… eta Errepublikaren ideia idealizatua ere sartzen saiatzen dira.

Egia izan daiteke Errepublika demokraziaren lehen urratsak eman zituen sistema politikoa izan zela, eta nolabaiteko irekiera egon zela euskaldunekiko. Agirre lehendakariaren garaia zen hura, eta Estatutuaren proiektuan Nafarroa sartzea ere aurreikusten zen.

Azken baten, eta edonola ere, Espainia da eta zen hori, eta euskaldun asko, Euskadi edo Euskal Herria osatzen dugunon zati handi eta zabal batek bestelako antolamendu politikoa ospatuko genuke gustura, biba eta txaloka.

Bitartean, Francok aukeratutako erregea da estatuburu, Oroimen Historikoaren Legea zakurraren putza da, eta diktaduran izan ziren kriminalak epaitegietatik pasatu barik daude (Alemania edo Hegoafrikan ez bezala).

Ez jaun-andreok, begietatik sartu eta konturatu barik prozesatzen dugun informazio guztia ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.  Hinduen ahozko tradizioak ondo diosku, “zuhaitzek ez diezazutela basoa ikustea eragotzi”.

Sare sozialetan irakurri dudanarekin amaitu nahi nuke gaurkoa:

Espainiak bere Errepublikaren eguna ospatzen duen honetan, guk gurea ospatu nahi genuke, baina…

“Agian, inoiz izango gara.
Agian inon izango gara.
Agian, herri izango gara.
Agian, bihar izango gara irri.” (Mikel Urdangarin. Bihar)