Irekia!! Barkatu, mesedez

Bai, barkamena eskatu behar diot Irekiari post hau idatzi baino lehen. Askotan dut hizpide Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Irekia egitasmoa, baina jo! Horrenbeste material eskaintzen didate, eta ez dago modurik. Gutxienez, gauzak behar den modura egiteko interesik txikiena erakutsiko balute…

Ai! Zein gaizki sentitzen naizen, ez ditut Irekiako langile gizajoak mindu nahi, baina begira gaurkoan zerekin topo egin dudan (sakatu irudian iturria bistaratu nahi baduzue):

Horra! Eta ez da gure Olentzero. Tristea benetan blog honetan beste batzuetan salatu ditugun arrazoiengatik.

Alde batetik, hor duzuen hori euskarazko bertsioa da. Ez, ez duzue zertan berriro ikusi, ondo antzeman diozue, gaztelania hutsean dago, hori bai, “itzultze prozesuan” (sic). Nekatzen hasia nago euskaldunok jasan behar dugun zama hori errefuxatzen. Euskaldunok ez dugu ezer pintatzen, ez gaituzte kontuan hartzen, eta azkenak izan behar dugu informazioa gure hizkuntzan jasotzen. Eta hori guztia, erakunde publiko batek baimenduta.

Eta bestetik, garbi geratzen da ostera ere Eusko Jaurlaritzak zertarako erabiltzen duen “Gobernu Irekia”: autobonbo eta propagandarako. Lotsagarri.

Bertan ez da azaltzen Patxi Lopezek zein egitasmo duen buruan, bere kudeaketa zertan den, edo zein izan diren hartutako azken erabakiak, ez. Esteka horretan oposizioa egiten zaio nori eta oposizioari berari. Zoratzekoa!

Erabiltzen diren hitzek ere asmo garbi bat erakusten dute: “ofensiva del PNV” (euskarazkorik ez daukagu). Kalifikatzen dute alderdi baten jokabide eta jardunbidea, ez dute objektibotasunez informatzen.

Lotsagarria eta penagarria da gobernuaren tresnak horretarako erabiltzea, baina nik ondorio itxaropentsua ateratzen dut: Lopez ez da gai, eta ez Hizkuntz Eskakizuna gainditu ez duelako, ez. Ez da gai horrela, orokorrean, eta besteen beharra dauka bere irudia zuritzeko.

Poztekoa da gobernuaren lana estimatzen ari ez garenontzat, baina arduratzekoa da herritar guztientzat. Noren (nortzuen) eskuetan gaude?

Lopezen Gobernu Irekia Wikileaksen aurka

Agerian geratu da beste behin ere gaur egun zein den informazioa zabaltzeko biderik azkar eta eraginkorrena. Bai, Twitter sare sozialaz ari natzaizue.

Gaur goizean bertan azken egunotan mundua astindu duen gaiarekin, Wikileaks alegia, zerikusia duen irudia hedatu da aipatu bidetik. Honatx:

Jakingo duzuenez, Wikileaksen arduradun den Assange jauna sexu eskandalu baten inplikatuta dagoela iragarri da komunikabideetan. Justiziak bere bideari jarraituko dio, eta dagokionean esango digu hori guztia zertan geratzen den, baina horrek sinesgarritasunik kentzen al dio Wikileaks berari?

Ematen du desprestigio kanpaina itzel baten zurrunbiloan sartuta gaudela, eta horrek oraindik eta gehiago goraipatzen du web orri horren lana. Badakizue, nitaz hitz egin dezatela, txarto bada ere.

Eta iskanbila horretan, Patxi Lopezen gobernuak bere harri koskortxoa jarri nahi izan du. Irudiak argi uzten duen bezalaxe, Eusko Jaurlaritzak blokeatu egin du Wikileakserako sarbidea, oraindik Assangen gaineko epaitzarik ez dagoenean.

Horretatik, bi ondorio: gobernua ez da hain open (irekia), eta posizionatu egin da iskanbilan. Zertarako sartu behar zuen saltsa honetan?

Baina bitxia da Wikileaksen URL blokeatzeko zein kategoriaren barruan sartu duten ohartaraztea: Potential Criminal Activities, Politics/Opinion. Iritzi politikoak zentsuratzen ditu Lopezen Gobernuak? Eta arestian esandakoa errepikatuz, Assangen ustezko delituek sinesgarritasunik kentzen al diete berak emandako berriei?

Hortik aurrera, nork bere ondorioak atera ditzala, nik berdin-berdin egingo dut lo gaur.