Oscañídetza

Gaur egun Eusko Jaurlaritzan daudenen helburua ez da herri hau aurrera ateratzea, helburua da Euskadi Espainiarekin mimetizatzea. Euskal identitatea murriztu, ez ezabatu, eta museo baten beira-arasan sartu zer ginen guztiek gogora dezaten. Baina zer garen eta zer izango garen… horrek beste noranzko bat dauka: Madril.

Euskara ez da arazo, dio Bengoak, Osasun sailburua, arazoa da euskara ezartzeko hartu izan den abiadura. Ño! Mendeetan egon izan da euskara zanpatuta, eta orain abiadura da arazo. Akaso ez ote gara motelegi ibili? Nola izan daiteke euskal gizartearen ordezkari euskaldunon hizkuntza defendatzen ez duena, eta are gehiago, hizkuntza hori zapaldu egiten duena?

[Enlace roto.] euskara bazterrean utzi da, hutsaren hurrengoa da agian Euskadiko zerbitzu publikorik inportanteena den horretan. Jakina, orain Espainia osoko profesionalek lan egin ahal izango dute, eta kalitatea igoko da. Zertarako lehentasuna eman bertokoak diren profesional onei?

Nik proposamen batzuk dauzkat Bengoa jaunarentzat:

1. Gaztelaniaren derrigortasuna ere ezabatzea. Horrela oraindik eta profesional hobeak lortuko ditugu, mundu osokoak. Inportanteena da mediku onak edukitzea, eta ez hizkuntza.

2. Euskaraz bakarrik mintzo diren ume txiki eta agure-atsoekin akabatzea. Buruko minak baino ez dituzte ematen, arazoa eurak dira, ez euskara. Gaztelaniaz ere jakingo balute, askoz ere integratuago egongo lirateke.

3. Osakidetzari izena aldatzea, baskofonoegia baita. Euskara ez da arazo, baina gauzak argi utzi behar dira. Espainiako profesionalak batzea bada helburu, Oscañídetza da izenik egokiena. Argi eta garbi uzten dugu Euskadikoak garela hain propioa den gure “tz” horrekin, baina era berean, mundura Espainiara zabalik gaudela erakutsiko dugu.

Horiexek proposamenak sailburuarentzat. Hori bai, iradokizunekin batera, erregu bat: behingoz, ALDE EGIN! !

Euskara kirolean, euskara Nafarroan

Pozgarria da asteburu honetan ikusi dugun irudia bezalakoak ikustea noizean behin. Gainera, non eta Nafarroan.

“Paz de Ziganda” ikastolaren aldekoa da 2010eko Nafarroa Oinez. Urteroko jai horretan laguntzeko, Osasunak, Errealak eta Athleticek euren harri koskortxoa jarri dute. Asteburuan, beteranoen txapelketa jokatu da Txantrean (Iruña) helburu bakarrarekin: euskarari bultzadatxoa ematea.

Euskal Herriko talderik garrantzitsuenak horrelako ekimen batean baturik ikustea ez da txantxetarako kontua.

Dena dela, eta zirikadatxoa sartzeko ere, faltan botatzen da lehen taldeek euren konpromisoa agerian erakustea. Sekulako indarra emango lioke mezuari, euskarak behar duena emanaz: freskura, garrantzia, konpromisoa eta identifikazioa gazteekin.

Oso ondo, bikain, baina gehiago nahi dugu. Bihoaz bide honetatik.