Oscañídetza

Gaur egun Eusko Jaurlaritzan daudenen helburua ez da herri hau aurrera ateratzea, helburua da Euskadi Espainiarekin mimetizatzea. Euskal identitatea murriztu, ez ezabatu, eta museo baten beira-arasan sartu zer ginen guztiek gogora dezaten. Baina zer garen eta zer izango garen… horrek beste noranzko bat dauka: Madril.

Euskara ez da arazo, dio Bengoak, Osasun sailburua, arazoa da euskara ezartzeko hartu izan den abiadura. Ño! Mendeetan egon izan da euskara zanpatuta, eta orain abiadura da arazo. Akaso ez ote gara motelegi ibili? Nola izan daiteke euskal gizartearen ordezkari euskaldunon hizkuntza defendatzen ez duena, eta are gehiago, hizkuntza hori zapaldu egiten duena?

[Enlace roto.] euskara bazterrean utzi da, hutsaren hurrengoa da agian Euskadiko zerbitzu publikorik inportanteena den horretan. Jakina, orain Espainia osoko profesionalek lan egin ahal izango dute, eta kalitatea igoko da. Zertarako lehentasuna eman bertokoak diren profesional onei?

Nik proposamen batzuk dauzkat Bengoa jaunarentzat:

1. Gaztelaniaren derrigortasuna ere ezabatzea. Horrela oraindik eta profesional hobeak lortuko ditugu, mundu osokoak. Inportanteena da mediku onak edukitzea, eta ez hizkuntza.

2. Euskaraz bakarrik mintzo diren ume txiki eta agure-atsoekin akabatzea. Buruko minak baino ez dituzte ematen, arazoa eurak dira, ez euskara. Gaztelaniaz ere jakingo balute, askoz ere integratuago egongo lirateke.

3. Osakidetzari izena aldatzea, baskofonoegia baita. Euskara ez da arazo, baina gauzak argi utzi behar dira. Espainiako profesionalak batzea bada helburu, Oscañídetza da izenik egokiena. Argi eta garbi uzten dugu Euskadikoak garela hain propioa den gure “tz” horrekin, baina era berean, mundura Espainiara zabalik gaudela erakutsiko dugu.

Horiexek proposamenak sailburuarentzat. Hori bai, iradokizunekin batera, erregu bat: behingoz, ALDE EGIN! !

Txapela kendu eta ibili munduan

Adarra jo nahi digute, gero eta garbiago daukat.

Blanca Urgell, EAEko Kultura sailburua, “modernoen” konplexuekin atera zaigu gaur bertan. Euskal kultura ez omen da irekia, ez omen du balio mundura zabaltzeko eta honakoa adierazi du: “Ez da zilegi Euskadi uharte kulturala izatea”

Berbok, horrela hartuta, era bikainean ulertzeko aukera daukagu. Euskadi, orain arte, kulturaren uhartea izan bada, horrek esan nahiko du kulturari balio berezia eman zaiola gure artean, munduko beste lekuetan ez bezala. Nik ez dut hor bekaturik ikusten.

Zoritxarrez, Urgellek esan nahi duena mingarria da, eta benetan atsekabeturik nago.

Baina hel diezaiogun, lehenik eta behin, testuinguruari. [Enlace roto.], eta berriztatze horrek eragile asko utzi ditu kanpoan, denak beren-beregi euskal kulturarekin zerikusia dutenak.

Urgellek, Radio Euskadin egindako adierazpenokin, zera diosku, euskaldunok oso itxiak garela, geure zilborrari bakarrik begiratzen diogula, eta nola ez, badela garaia txapela burutik kentzeko, baserritik ateratzeko eta mundura zabaltzeko.

Lotsagarria ez, IRAINGARRIA. Zer proposatzen digute Urgellek, eta luzapenez, Eusko Jaurlaritzak? Gure nortasunari uko egin behar diogula munduari so egiteko.

Badirudi gobernu honek ahaztu egiten duela mundura begiratzea ez dela nortasuna atzean uztearen sinonimo. Euskaraz egin diezaiokegu munduari, munduan euskara berezia delako, eta kanpotik barrutik baino gehiago estimatzen dutela ematen duelako.

Munduan, esaerak dioen bezala, txapela buruan ibil gaitezke, nor eta zer garen erakutsi, baina besteak ere nor eta zer diren ikasi eta ulertuz. Batak ez du bestea kentzen.

Nola zabalduko dizkiogu ateak munduari gurea dena estimatzen eta maitatzen ez badugu, gurea denaz lotsatzen diren agintariak baldin badauzkagu?

Hain modernoa den “lokaletik globalera” esaldia gogorarazi nahi nioke espazio xume honetatik sailburuari. Fermin Muguruzak, mundu osoko musikari irekia dagoen musikaria, ondo baino hobeto azaldu zuen: “euskalduna naiz, eta harro nago”.

Bueltatxo bat emanda esaldiari, sailburuari oparitu nahi diot nire egokitzapena: euskalduna naiz, eta ez naiz lotsatzen.

Blanca Urgellek euskarazko “Windows 7” aurkezten digu

Baita Live ere!!! Bibak eta txaloak Microsoftentzat!

Hori bai, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailburuordetzak horren aurkezpen-ekitaldia antolatzeak… ez dakit nik, baina delitu pixka bat ere badauka, ezta? Nola edo hala, ekitaldirako gonbidapena erori zait esku artean, eta harrituta geratu naiz.

izengabea

Zergatik egin behar ote dio euskal administrazioak publizitatea enpresa pribatu bati? Zeini eta Microsofti gainera!! Ez al gaude krisi garaian? Zenbat balio du halako ekitaldi batek? Microsoftek badauka nahikoa indar irudi-kanpainak bere kaxa ordaintzeko, ez?

Gaur egun software librea gero eta erabiliagoa den garaian, erabiltzaileek gero eta gehiago aldarrikatzen dutenean software mota parte hartzaile hori, Eusko Jaurlaritzak Microsoften bondadeak sartu nahi dizkigu begietatik.

Are gehiago, PSE gobernura iritsi zen software librea eta kultura librea aldarrikatzen zituen bitartean. Kamutsak haiek edo kamutsak gu, baina beste ziri bat sartu digute sozialistek; ai, ai, ai. Dena den, ez da lehen aldia software librea tartean, jende askok desengainua hartzen duena Lopez eta bere brigadekin.

Ez da lehen aldia, baina ez da azkena izango, horretaz ziur nago. Ezin uka genezake sozialistak urrats sendoak ematen ari direla.  Amildegi politikorantz, bai, baina sendoak.