PPSOE eta Alerdien Legearen “mierda” handia

Lasai, baliabide literarioa baino ez da izenburukoa, irakurtzen jarrai dezakezue zikintzeko inolako beldur barik.

Alderdien Legea eta Sorturen legalizazioaren gaiari bueltaka nabilkio azken egunotan, ez baitut mierdarik (merde, Iparraldekoentzat) ulertzen.

Gerta liteke ere nire ulertzeko gaitasuna mierda handi bat izatea, baina Alderdien Legea eta legalizazioaren kasuaren mierdaren hipotesitik abiatuko dut nire iruzkina, ahal den neurrian arrazoituz.

Ea ba, lehen urratsean, PPk eta PSOEk Alderdien Legea onartu zuten Batasuna legez kanpo uzteko terrorismoarekin lotuta daudelako, eta mundu horrekin ez dutelako garbi apurtzen.

Lehen urrats horretatik Batasuna eta Ezker Abertzalearen hainbat ilegalizazio dator. Tartean, antzeman egiten dira PSOEren gobernuaren keinu batzuk: EHAK Eusko Legebiltzarrean sartzea, udal hauteskundeetan ezker abertzalearen zerrenda batzuk bakarrik baliozkotu (ia-ia AHTren ibilbidean dauden udalerriak, kasualitatez).

Garai hartan, Ezker Abertzaleak terrorismoa eta indarkeria garbi salatu behar zituela esaten zen, hori zela baldintza joko demokratikoan berriz ere sar zitezen.

Bada momentua heldu eta Ezker Abertzaleak Sortu sortu (barkatu errepikatzea) zuen, gaitzespen eta guzti, garbi, estatutuetan. Momentu horretan, baldintzak aldatu egin ziren, eta hasi ziren esaten Batasunaren ondorengo garbia zela (buru pentsakor galantak), eta jakina, horrek ezeztatu egiten  zuela alderdiaren legezkotasuna. Bazirudien, hortaz, indarkeria gaitzestearekin ez zela nahiko.

Baina azkenik, eta Sortuk zenbat eta garbiago hitz egin indarkeriaren gainean, beste baldintza bat agertu zaigu ZP presidentearen patrikatik: ETA desagertu arte, oso zail izango du Sortuk legezko izatea. Eta lasai-lasai, txo.

Garbi dago, edo hala ikusten dut nik behintzat, Ezker Abertzaleak botere mugatua duela azken baldintza biak bete ahal izateko. Alde batetik, nola demontre ez dira ba izango Batasunaren ondorengo? Ezker Abertzalea da! Euskal Herriko soziologia ez da aldatu, baina ongi etorria izan bedi gizartearen zati baten hausnarketa prozesu baten ondoriozko egoera berri hau.  Eta beste alde batetik, ETA desagertu arte? Ez diot honetan Ezker Abertzaleak eragin ezin dezakeenik, baina hori bakarrik, eragin, inoiz ez da erabaki hori Ezker Abertzale osoaren esku egongo.

Inpresioa da lege malgu bat daukagula Alderdien Legearekin. Gobernuari (eta oposizioari) komeni ahala tira egiten da gomatik edo goma lasaiago utzi. ZER DA, orduan, ALDERDIEN LEGEAK BENETAN DIOENA????

A! Eta beste gauza bat. Balizko legalizazioari buruz presidenteak eta barne ministroak horrenbeste hitz egiteak kolokan jartzen du ere (berriro) Espainiako botere-banaketa.

Eta txaloak eman behar ditugu demokrazian bizitzeagatik, tortura kasuak ikertu ere egiten ez direnean.

Asteburu on.