Espero zen agiria heldu zen azkenik atzo bertan. Barkatu, ez nuen hori esan nahi, honako hau baizik: ETAren agiri bat espero zen, eta atzo iritsi zen, baina ez zen espero edo nahi genuena.
ETAk ez du bere desagertzea adierazi, eta hori da aspaldi-aspalditik itxaroten ari garen iragarpena. Jakina, horrek ez dit itxaropenerako dudan eskubidea ukatuko, baina horrenbeste falta zaigu oraindik…
Ez nuen talde terroristaren agiria aztertu nahi baina, agiriak berak kalean izan duen oihartzuna baizik. Atera dudan ondorioa emango dut lehenik eta behin, eta ondoren, labur azaltzen saiatuko naiz: ETA jokoz kanpo dago.
Kalean ez da ia ETAren agiriaz hitz egin. Politikariek bai, buelta asko eman dizkiete terroristen hitzei, baina egia bakarra da halakoek, kalean, ez dutela behin sortzen zuten giroa ekartzen.
Jendeak ez dio ETAri sinesten, jendeak ez dio ETAri jaramonik egiten, ETAren iritziak ez du balio gizarteak aspaldi bizkarra eman ziolako, eta ez horregatik bakarrik, sinesgarritasuna aspaldi galduta daukalako ere bai.
Atzoko gai nagusiak lagun artean zeintzuk izan ziren? Tabakoaren legea (oraindik) eta Urrezko Baloia Messiri eman izana.
ETAk zerbait pentsatu beharko luke horretaz.